Ibarrean makina gehiago lanean

Guaixe 2019ko aza. 11a, 12:02

Amaia kaleko lanak egiten ari den enpresa ari da Ibarrea industrialdean.

Industrialdeko saneamendu sarearen lehen faseko lanak hasi berri dira.

Ibarrea industrialdeak ez du saneamendu sarerik eta enpresetako eta etxebizitzetako hondakin urek gaur egun Altzania ibaian bukatzen dute. Isurketa horiengatik Altsasuko Udalak Ebroko Ur Konfederakundeari urtero 1.345,2 euroko isuna pagatzen dio. Ingurumena zaindu eta isuna kentzeko industrialdeko saneamendu sarea egiteko lehen faseko lanak Apezetxea Anaiak SL enpresari eman zizkion, 242.837,02 euroren truke (BEZ kanpo). Haren langileak beharrezko hodiak sartzeko hasi dira industrialdeko kalea zulatzen. 

Lanak azaroa bukatu aurretik despeditu behar ditu enpresak. Saneamendu sare hori Geltoki auzoko azpiegiturarekin lotzeko lanak etorriko dira ondoren. Haren bidez eramanen baitira industrialdeko urak araztegira. Ondarria industrialdean, bestetik, argiteria publikoko kanalizazioa berritzeko lanak pasa den astean hasi zituen Promociones y Pavimentaciones Balgorza SAk. Lan horiek 65.515,51 euroko balioa dute (BEZ kanpo). Azkenik, berriki Altsasuko Udalak Zelandi eskola publikoko argiteria aldatu eta LED argiak jarri ditu Nafarroako Gobernuaren 12.050,83 euroko dirulaguntzarekin.