Intxostiapuntako berriemaileak bueltan dira

Guaixe 2019ko aza. 9a, 13:10

Intxostiapuntako aurtengo berriemalieak. Utzitakoa.

Gazte gunearen eta gazteen arteko zubi-lana egiten dute berriemaileek, Gazteria Sailaren jardueren berri emanez eta gazteen kezkak jaso eta Intxostiapuntan jakinaraziz. Programa maiatzera arte izanen da indarrean.

Aurreko ikasturtean estreinakoz Intxostiapunta gazte gunean berriemaileak izan zituen Altsasuko ikastetxe guztietan. Berriemaileak gazte gunearen informazio sarea bihurtu dira eta herriko gazteen artean Intxostiapuntaren jardunari eta gazteendako intereseko den informazioari buruzko argibideak ematen dituzte ikastetxeetan. Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak estreinako esperientziak “emaitza positiboak” eman dituela ikusita programarekin aurrera segitzea erabaki du. 

Intxostiapuntaren eta ikasleen arteko zubi-lana egiteaz zortzi neska-mutil arduratuko dira ikasturte honetan, bina ikastetxeko. Guztiek Intxostiapunta gazte gunearekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute. Euren egitekoa izanen da lagun eta ikaskideei gazte gunean antolatutako jardueren berri ematea. Ikastetxeetan jarritako Gazte Informazio Gunea eta sare sozialak erabiliko dituzte horretarako. Eta, alderantziz, gazteek egindako proposamen eta ekarpenak Intxostiapuntan jakinaraziko dituzte. Horretaz aparte, zortzikotea informazioa osatzeko gazte guneko teknikariarekin edo begiralekin bilduko dira asteazkenetan.

Berriemaileak lanean hasi berri dira eta maiatzera arte izanen dute egiteko hori. Horren truke Intxostiapuntan antolatutako ekintza batean doan parte hartzeko aukera izanen dute hilero. Gainera, 200 euro jasoko dituzte, 80 aurten eta 120 heldu den urtean. Lanak despedituta diploma jasoko dute. Sakana Lanbide Heziketa institutuan Jonathan Laura eta Mara Martis dira berriemaileak, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Aroa Gonzalez eta  Iñigo Cidoncha, Iñigo Aritza ikastolako Eneko Andueza eta Aimar Gracia eta Sagrado Corazon ikastetxean, azkenik, Santiago Ruiz eta Yahir Romero.