"Nire bizitza musika dela konturatu naiz"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko aza. 8a, 10:39
June MariƱelarena Anguiano abeslari gaztea.

June Mariñelarena Anguiano altsasuarrak 19 urte ditu, eta abeslaria da. Operacion Triunfo telebistako 'talent show'-eko casting-era aurkeztu zen Bilbon

700 pertsona aurkeztu ziren eta 28 pasa ziren bigarren fasera, haietako bat June.

1. Zergatik aurkeztu zinen Operacion Triunfoko casting-era?
Txikitatik musika gustuko izan dut. Lagunak apuntatzeko esaten hasi ziren, eta gurasoek eta familiak ere animatu ninduten. Familiak asko laguntzen dit eta nigan konfiantza gehiago izateko esaten didate. Azkenean pentsatu nuen: "zergatik ez?". Ikasteko modu eta aukera oso ona iruditu zitzaidan. Izan ere, profesionalek klaseak ematen dituzte. Gainera, ordaindu gabe. Gero galak egin behar dira, baina ez dut horretan asko pentsatu. Banekien telebistan agertuko nintzela eta arrisku bat bezala ikusten nuen. 

2. Zure lehenengo casting-a zen? Nolako esperientzia izan da?
Nire lehenengo casting-a izan da, eta esperientzia bezala oso ona izan da. Oso polita. Casting bat izan arren, asko ikasi dut. 

3. Nola izan zen prozesua?
Egin beharreko lehenengo gauza ilara zen. Azkenean epaileen edo musika adituen aurrera iristen zara eta haien aurrean a capella abestu behar duzu. Normalean, hiru abesti hizkuntza desberdinetan prestatzeko eskatzen dute. Nik bi abestu nituen: lehenengoa Morgan taldearen Sargento de hierro abestia eta gero Elle King abeslariaren Ex's & Oh's abestia. Pentsatuta neuka hirugarren abestia euskaraz zen, baina ez nuen abesteko tarterik izan. Hortaz, gustatzen bazaie, edo, hobe esanda, zortea baduzu, pegatina jartzen dizute eta hurrengo fasera pasatzen zara. Bestela, ezer.

4. Eta zuri pegatina jarri zizuten. Espero zenuen?
6259 zenbakidun pegatina jarri zidaten. Ez nuen espero. Gainera, egunean bi faseak egin behar genituen eta bigarrena ez nuen prestatu. Aurreko egunean ahotsik gabe nengoen larunbatean lehiaketa batean parte hartu nuelako eta katarroarekin elkartu zitzaidalako, eta desastre hutsa izan zen. Beraz, ez nuen bigarren fasea prestatu. Azkenengo momentuan bi abesti aukeratu eta egin nituen. Normalean abesti bat baino gehiago eskatzen badizute ona da, zu entzuten jarraitu nahi dutela esan nahi duelako. Nik ikusten nuen bost abesti egiteko eskatzen zioten jendea eta niri bi eskatu zizkidaten. Oso pozik. 

5. Beraz, bigarren fase hori gehiago prestatu behar da?
Bai. Instrumentu bat eramateko aukera dago, normalean gitarra edo ukelelea, eta musika oinarri bat eramateko eskatzen dute. Esan bezala, pixka bat eromena izan zen eta gaztelaniaz Natalia Lakunzaren abesti bat kantatu nuen eta bigarrena berriro Ex's & Oh's abestia. Zortea eman zidala pentsatu nuen, eta aurrera. 

6. Urduri zeunden?
Bai. Ni oso urduria naiz eta oso-oso urduri nengoen. Baina pentsatu nuen txorakeri bat zela, nolabait esateko. Ez zihoakidala bizitza horretan. Beraz, urduritasun hori jan nuen. 

7. Casting-ean lagunak egiteko tartea dago?
Bai. Gainera, lagun batek bigarren fasea pasatu zuen eta hirugarren fasea egin behar du. Ea zortea duen, pasatzea espero dut. 

8. Berriz aurkeztuko zinateke?
Datorren urtean, beste OT bat egiten badute, bai. Arantzatxoarekin gelditzen zara. Orain nire casting-a ikusten dut eta hobe egin nezakeela iruditzen zait. Esaterako, beste abesti batzuk aukeratuko nituzke.

9. Zergatik abeslari izan?
Musika betidanik gustatu zait. Nik uste jaio nintzenetik. Eskolan abesteko eskatzen zutenean, nik abesten nuen. Musika barruan daramat. 12 urterekin edo kikildu nintzen eta musika alde batera utzi behar nuela pentsatu nuen. Baina orain hezi naiz eta ikusi dut musika nire bizitza dela, niri bizimodua dela eta musikarik gabe ezin naizela egon. Beraz, serioago hartzen hasi naiz eta musikako klaseetan hasi naiz. Aurretik ez dut inoiz musika ikasi. Nire ama atzetik egon da esaten apuntatzeko, musika asko gustatzen zaidala eta egiteko, baina ez zen momentua. Oso lotsatia naiz, eta ni bakarrik kikiltzen nintzen. 

10. Zizurren lehiaketa batera aurkeztu zinen, eta irabazi zenuen. 
Bigarren saria irabazi genuen. Ze artista! deitzen zen lehiaketa eta talentuak erakusteko zen. Dantza taldeak, musika taldeak, musika teatroarekin.... denetarik zegoen. Azkeneko momentuan erabaki genuen ere. Bi lagunekin aurkeztu nintzen eta zortea izan genuen. 

11. Etorkizunerako, zer?
Oso galduta nago. Musika ez dut galdu nahi, baina oso bide zaila da. Musika talde bat sortzea asko gustatuko litzaidake.