"Komedia politenak dramatik datoz"

Guaixe 2019ko aza. 8a, 14:06
'Erlauntza' antzezlanaren protagonistak. VAIVEN

'Erlauntza' antzezlana izanen da bihar, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Sei emakume dira protagonistak, haien artean, Sara Cozar aktorea

Sakanako Berrialagunek, Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak antolatuta Erlauntza antzezlana, euskaraz, izanen da bihar, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Txikitako sei neska lagun kuadrilla baten asteburua kontatzen du lanak. Kepa Errastik idatzi du antzezlana, Mireia Gabilondo zuzendaria da eta Vaiven-ek ekoitzi du. Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Nerea Arnedo, Vito Rogado eta Sara Cozar dira protagonistak. Elkarrekin lan egitea antzezlan honen "oparietako bat" izen dela esan du Cozarrek.

Sei lagun, landa etxe bat, asteburu bat eta ezkondu aurreko agur-festa bat. Horrela ikusita, dena ongi, ez?
Horrela ikusita dena oso ongi. Hori da abiapuntua eta dena oso ongi hasten da. Giro oso ona dute, sei lagun agerzten dira, ospatzeko eta ongi pasatzeko gogoekin. Baina bat-batean beraietako batek aurpegira botazen die beraien partetik sentitu duen gabezia bat. Horrek sortzen du horrelako egoera bat denak hasten direla bata besteari gauzak leporatzen. Hori dena alkohol eta droga pixka batekin nahastuta. Sekulakoa sortzen da.

Zer gai jorratzen ditu?
Komedia bat da, baina ez da komedia hutsa. Badu drama ere. Komedia politenak eta handienak dramatik datoz. Gauza asko kontatzen dira. Kasu honetan sei emakume direnez emakumeei geratzen zaizkigun gauzak. Gizakioi gertatzen zaikizgun gauzak, azken finean: beldurrak, nahiak... Sei pertsonaia daude eta bakoitzari gauza bat gertatzen zaio eta bakoitzak bere momentua du.

Publikoa identifikatuta sentitzen da?
Bai. Kuadrillan ikusteko oso antzezlan polita da. Jendea identifikatuta sentitzen da, bakoitza pertsonaia batekin. Esaten digute "ni nintzen zu". Gero kuadrillako gauzak hitz egiteko aukera ematen du ere, antzezlanetik ateratzerakoan. Batzuk haiena horrelakoa dela esaten dute, eta nik pentsatzen dut a zer kuadrilla duen. Antzezlaneko kuadrilla latza da. Gauza asko gertatzen direlako.

Sei aktore zarete, nolakoa da zuen arteko harremana?
Antzezlan hau opari bat izan da guretzat, arrazoi askorengatik. Hasteko, antzezlan oso ona da eta egiteko oso dibertigarria. Oso ondo pasatzen dugu taularen gainean. Batzuetan gertatzen dira horrelakoak. Baina gertatu zaigun onena gu seiok elkartzea izan da. Lehen Itziar Atienza zegoen, orain Vito Rogado eta gero Dorleta Urretabizkaia etorriko da. Eta gure artean oso giro ona dago hasieratik. Oso ondo pasatzen dugu antzokitik kanpo ere. Hori ikuskizunean islatzen da. Ikusten da. Orokorrean lan borobila da.

Nola izan da 'Erlauntza' prestatzea?
Prozesua oso debiertigarria izan da. Duela urte eta erdi estreinatu genuen. Victoria Eugenia Teatroan entseatzen egon ginen bi hilabetez. Zorte handia izan genuen Kepa Errasti egiela zuzendari laguntzailea izan delako. Hasiera zenetik orain denera asko aldatu da. Askatasuna izan dugu eta, horregatik, prozesua aberasgarria, dibertigarria eta emankorra izan da.

Zer nabarmenduko zenuke?
Oso zaila da bat aukeratzea. Horrenbeste gauza gertatzen dira jendea berriz ikustera etortzen dela gauzak galtzen dituelako. Sei pertsonaia dira, bakoitza bere arazoekin eta denbora guztiak seiak agertokian daude. Momentu asko oso onak daude.

Oso arrakastatsua izaten ari da. Espero zenuten?
Inoiz ez da jakiten, baina entseguekin hasi ginenean oso ona zela ikusten zen. Arrakasta itzela izaten ari da.

Nolakoa da euskal antzezkiaren egoera?
Askotan galdetzen diguten galdera da. Nik 20 urte daramatzat lanean eta egia esan, zorionez, ez zait inoiz lana falta. Krisiaren ondoren beherakada nabarmen bat izan zen diru-laguntzarik ez zagoelako. Hala ere, Erlauntza-rekin gertatu dena oso gutxitan gertatzen da. Beste batzuetan egon zaitezke bi hilabetez lan egiten eta gero lau emanaldi egin. Eta pena bat da. Publikoan bai aldaketa egon behar duela. Ez zaigu antzerkia ikustera irakatsi, ez dakigu antzerkia ikusten. Orain hasi da sartzen hezkuntzan, eta eskola batzuetan sentsibilizatu direla ikusi dut. Baina nire lagunean artean zenbat aldiz joan dira antzerkia ikustera? Aurreko urtean ni ikustera joan zirenean. Orduan, publikoak komediak ikusi nahi ditu barre egin nahi duelako. Baina atzerkia hori da, eta beste gauza asko batzuk ere.

 

Erlazionatuak