Futbola

Ezinezkoa izan zen

Guaixe 2019ko aza. 12a, 15:52

Emakumezkoen erregional mailako 10. jardunaldian Altsasuri 1 eta 4 irabazi zion Kirol Sportek

Asteburuan Emakumezkoen Erregional mailako 10. jardunaldia jokatu zen. Azkeneko partidetan garaipen garrantzitsuak lortu eta gero, bolada onari eutsi nahi zioten Altsasuko neskek, eta etxean, Dantzalekun, Kirol Sportekin bide beretik jarraitu nahi izan zuten. Baina ezinezkoa izan zen. 

Kirol Sport aurreratu zen, 20. minutuan Joana Gomezek sartutako golarekin. Baina Altsasuk ez zuen etsi eta hiru minutura berdinketaren gola sartu zuen Maalen Berazak. Partida oso lehiatua izan zen eta garaipena lortzeko gogor borrokatu ziren bi taldeak, baina Kirol Sport izan zen kontrako atea zulatu zuena eta Leire Agorretak, Izarra Arredondok eta Naroa Mozazek sartutako golekin 1 eta 4 gailendu zen Orkoiengo taldea. 

Sailkapen orokorrean, Emakumezkoen erregional mailako liderra Castejon da (27 puntu), Kirol Sport taldea gertu duela (25 puntu). Altsasu 8. postuan dago (15 puntu). Larunbatean Altsasuk 17 punturekin sailkapenean 7.a den Zizurko Ardoi taldea hartuko du Dantzalekun, 15:45ean. Arerio zuzenen arteko partida izango da eta ea altsasuarrek garaipenaren xenda berreskuratu eta sailkapenean gora egiten duten.