Saskibaloi

CBASK-Jatormanek ezin izan zuen Logroñon irabazi

Guaixe 2019ko aza. 13a, 13:53

Autonomien Arteko 2. mailan dabilen talde altsasuarrak 76 eta 60 galdu zuen Logrobasket taldearen kontra

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren gizonezkoen Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan 6. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman taldeak Logroñon jokatu zuen, Logrobasket taldearen kontra, eta nahiz eta bi taldeek partida ederra jokatu, azkenean garaipena Errioxan geratu zen eta 76 eta 60 galdu zuen Altsasuko taldeak.

Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako lider San Cernin taldeak jarraitzen du (12 puntu), San Ignacio bigarrenarekin puntutara berdinduta. CBASK-Jatorman taldea 9. postura jaitsi da (8 puntu). Asteburuan 7. jardunaldia jokatuko da eta etxean jokatuko du CBASK-Jatorman taldeak. Larunbatean, 18:00etan, sailkapenean 12.a denValle de Egues hartuko du.

Nafarroako seniorren maila autonomikoan CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 6. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak Olatzen jokatu zuen, Valle de Egues taldearen kontra. Iruñerrikoak jaun eta jabe izan ziren eta 77 eta 38 irabazi zieten altsasuarrei. 

Sailkapenean, Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (11 puntu) eta CBASK-IFUEL taldea 7. da (6 puntu). Asteburu honetan 7. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeak etxean jokatuko du, larunbatean, 16:00etan, sailkapenean seigarrena den Escaleras Aguerri taldearen kontra. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKek irabazi
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 3. jardunaldia jokatu zen. Cantolaguaren kontra aritu zen CBASK, eta lidergoa sendotu zuen talde altsasuarrak, 26 eta 39 irabazi baitzion Cantolaguari, partida entretenigarrian. CBASK liderrak 6 puntu ditu eta larunbatean etxean jokatuko du, Zelandin, sailkapenean 5.a den Teresianas B taldearen kontra, 12:30ean.