Askapenak Boliviaren alde egitera deitu du

Guaixe 2019ko aza. 14a, 09:49

Whipala bandera Boliviako protesta martxa batean.

Gaur, 19:30ean, udaletxe parean kontzentrazioa eginen da.

Boliviako “estatu kolpea” salatzeko kontzentrazioa deitu du Askapenak. Euskal erakunde internazionalistak deitutako mobilizazioak Estatu kolperik ez! Euskal Herria Boliviako herri langilearekin leloa du. Askapenako kideek salatu dutenez, Evo Moralesen kontrako estatu kolpea 2019ko urriaren 20an Bolivian egin ziren hauteskundeak baino lehen eratzen ari zela. Eta kolpearen arduradun “Santa Cruzen bere oinarri nagusia daukan Boliviako oligarkiaren eta inperialismo yankiaren saiakeren emaitzatzat” jo dute. “ Bolivia gobernatzera ohituta zegoen burgesia zuriaren  izaera arrazista eta erreakzionarioa” salatu ditu Askapenak. 

Askapenako kideek nabarmendu dute kanporatua izan den gobernuak “historikoki gutxietsita eta baztertuta izan diren sektoreen alde (nagusiki jatorrizko herriak eta nekazari eta langile apalak) aldaketa garrantzitsuak” egin dituela. Eta gaineratu dutenez, “natur baliabideen ustiatzearen kontrola eta lortutako etekinak pobrezia gutxitzeko eta herriaren beharrak asetzeko erabiltzea ez dira bateragarriak kapitalismoak etekinaren maximizazioarekin, herrien, pertsonen eta naturaren gainetik”. Estatu kolpeak horren guztiaren kontra egiten duela nabarmendu dute internazionalistek. Guztiaren atzean AEBko enbaxadaren eskua ikusi dute. 

Aldi berean, salatu dutenez, “eskuin-muturrak ez du arazorik izan indarkeria faxista erabiltzeko MASetik gertuko pertsona eta erakundeen kontra, etxebizitzak, egoitzak eta alkatetzak errez, baita gobernuaren aldeko komunikabideak erasoz”. Haiei elkartasuna adierazi eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Askapenatik.