Zuen eta gure arteko komunikazio istorioa 1994ko abenduan hasi zen, hilabetekari moduan. Orduan iritsi zen Guaixe Sakanako etxeetara. Ordutik 25 urteko bidea egin dugu. Sakanaz bereziki ibarrerako, baina baita mundurako, informatzen. Mende laurdeneko bidea zuen ondoan, zuen laguntzaz ibili duguna. Bata bestearen atzean jarrita askorako ematen dute 25 urte. Bizi oso bat ere badira. Gazteenak ibarreko euskarazko hedabideak eskura zituztela hazi dira eta hazten ari dira. Besteok informazioaren hegemonia soilik gaztelaniarena zela gogoratzen dugu.
Guaixeren orrietan, paperekoak eta Internetekoak, sakandarren penak eta pozak jaso ditugu, goxo gehienetan, mikatz besteetan. Batzen gaituen hedabidea da Guaixe. Batzen gaituena da euskara. Biek bat egiten dute zuen eskutan. Hala ere, oraingoan zuen eskuetan jarriko duguna gonbidapena da: haur, gazte eta heldu, sakandar guztiak Guaixeren 25. urteurrena ospatzera gonbidatuta zaudete. Altsasuko Iortia kultur gunean gaur, 19:00etan, eginen den galan sorpresak eta opariak izanen dira. Baita ondorengo auzatea ere. Zu ere bazara Guaixe eta guaixelari guztien modura galara gonbidatuta zaude.