"Programa hezigarria eta entretenigarria izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko aza. 15a, 10:26
Alex Laura Pacifico gazte altsasuarra Super Aprendiz txanoarekin.

Alex Laura Pacifico altsasuarrak 21 urte ditu. Kozinatzea gustatzen zaio eta ETB2ko 'Restaurante sin barreras' saioan parte hartu du, behar bereziak dituen arren, oso gai dela erakusteko

Amelia Pacifico Alexen amak programaren onurak azaldu ditu

1. Sukaldaritza gustatzen zaizu. Noiztik?
Alex. Nire ama eta amona janaria prestatzen ikusten nituen, eta nire buruari esan nion nik ere hori egin nahi nuela. Laguntzen nien. Sukalde-laguntzailea nintzen.

2. Nola sortu zen 'Restaurante sin barreras' programan parte hartzeko aukera?
Amelia. Isterria hezkuntza bereziko institutuan zegoenean Ritak, bere tutoreak, programan parte hartzeko aukera proposatu zion. 
Al. Bazekiten janaria egitea gustatzen zitzaidala. Ostiral arratsaldetan sukalde tailerrak egiten genituen, eta ni ikasle nabarmendua nintzen. 

3. Nolako esperientzia izan da programan parte hartzea?
Al. Oso hezigarria eta entretenigarria izan da. Hasieran ez nekien ezer, eta ez nintzen programako kideekin erlazionatzen. Gero, astero, irekitzen hasi nintzen eta orain familia bat gara. Oso ongi konpondu gara orain arte. Lagunekin egotea eta ekipoarekin izan dudan harremana da gehien gustatu zaidana. Eta sukaldatzen bizi izan dudan esperientzia. Berriro egin nezakeen. 

4. Nola zen grabazio egun bat?
Al. Zaila. Posizioan jarri behar ginen, kameraren aurrean nola jarri esaten ziguten, zer egin behar genuen... Gero platera hartu behar genuen eta epaileari aurkeztu. Baina kameraren aurrean ongi aritu naiz. Ez nintzen urduri jartzen. 

5. Oso hezigarria izan dela esan duzu. Zer ikasi duzu?
Al. Programa honetan lagunekin egoten ikasi dut. Ezagutzen ez nuen jendearekin erlazionatzen ikasi dut, eta haiekin ikasi dut ere. Elkar errespetatzen. Ekipoarekin erlazionatzen ere ikasi dut: kamerak, coach-ak... muga horiek gainditu ditut. Taldeak oso ongi tratatzen gintuzten. Kariño handiarekin. Sei-zazpi aste egon ginen eta eta oso ongi. Familia bat. Sukaldaritzaz enplatatzen ikasi dut. Lehen ez nekien, eta orain bai. Hobe kozinatzen ikasi dut ere. Errezeta asko ekarri ditut. 



Am. Marmitakoa egiten ikasi du. Etxean egin genuen. Proba horretan lagun batekin errezeta aldatu behar izan zuen, eta zati bat galdu zuen. Baina oso gozoa. 

6. Iñaki Andradas sukaldaria zen irakaslea, eta, besteak beste, Basque Culinary Center-reko sukaldeetan aritu zara. Garrantzi handiko kontuak dira. 
Al. Pribilegio bat izan da. Andradas mentore izatea plazera izan da. Platerak irakatsi dizkigu eta programetan izan dugun garapena asko gustatu zaio; gure eboluzioa, gainditu ditugun mugak... Basque Culinary Center bezalako toki batean aritzea ere pribilegio bat izan da eta gainditutako erronka bat. Gastronomiaren zentro bat da eta Mundu osoko ikasleak datoz. 

7. Saio batean Super Aprendiz txanoa irabazi zenuen. Zergatik?
Al. Super Aprendizaren txanoa lortu nuen lagun bat lagundu nuelako. Beherakada bat izan zuen antsietate krisi bat izan omen zuelako, eta nik lagundu nuen. Laguntzeagatik eman zidaten. Nik ez nekien ezer; ez nekien irabaziko nuela. Bat-batean nire izena esan zuten. 
Am. Platera erdipurdi gelditu zitzaion. Baina gelditu zen, eta laguna lagundu zuen. Horregatik eman zioten. 

8. Zergatik da hain garrantzitsua horrelako programak?
Al. Garrantzitsuak dira batzen gaituen programa bat delako. Desgaitasun bat dugun pertsonak gara, baina elkarrekin bizi gaitezke. Orduan, gu bezala beste pertsona batzuek haien ametsak errealitate bihur ditzakegula. Mugak apur daitezke. 
Am. Ez zen lehiaketa bat. Garrantzitsuena haiek elkarrekin bizitzea zen. Sukaldean praktikatzea. Batzuk aurretik bazekiten. Julenek, esaterako, bi urtez sukaldaritza egin du. Baina Alex zerotik hasi zen. Beraiendako gainditzea izan da. Batzuk sukaldeari beldurra zioten; labanak erabiltzeko, sutara gerturako... Niri behintzat beldurra ematen zidan Alex sutara gehiegi hurbiltzea. Gurasoei oso ongi etorri zaigu ikusteko pentsatzen ez genituen gauza asko egiteko gai direla. 

9. Dagoeneko etxeko ofiziala izango zara. Etorkizunean sukaldaritzari lotuta egotea gustatuko litzaizuke? 
Al. Hemen, herrian, kozinatzeko eskatzen didate. Milakolore elkartekoek esan didate zerbait egiteko. Praktikatzen jarraituko dut, eta sukaldaritzarekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Sukaldaritza tailerrak egitea gustatuko litzaidake. 
Am. Baina haiendako ez dago sukalde ikastarorik. Irakasleek pazientzia infinitua izan behar dute, eta jakin behar dute nola tratatu. Eskuineko eskua izan behar duzu haiekin egoteko. Programan bazekiten oso ongi nola tratatu. Bakoitzak bere gauzak zituen, eta bazekiten. Baina ez daude ikastarorik, eta beharko zituzten. Horrela, etorkizunean bakarrik badaude, aurrera egin zezaketen. Milakoloren eta institutuan biltzen dira eta afariak eta prestatzen dituzte elkarrekin. Baina zerbait gehiago beharko zuten ere. 

10. Programaren azken egunean finala egin zenuten, eta familiak eta ospe handiko sukaldariak egon ziren. Nolakoa izan zen programa hori?
Al. Urduri geunden. Eta denboraz oso larri genbiltzan. Korrika ibili nintzen. Niri sukaldean egotea egokitu zitzaidan, eta janaria prestatzen geundenak ezin genuen jantokian gertatzen zena ezer ikusi. Bukaeran bai ikusi genuen mahaikideei gustatu zitzaiela platerak eta nota ona eman zitzaizkien. Lehenengo platera txibia bere tintazko mini hanburgesak ziren, gero kalabazina entsaladaz beteta eta bukatzeko onddo eta ziza lasagna eta postrea idiazabal gaztazko pastela mangoarekin. Mini hanburgesak ziren gehien gustatu zitzaidana. 

11. Amelia, ama bezala nola ikusten duzu programa?
Am. Oso ongi. Onura ekarri diola ikusten dut. Gehiago erlazionatzen da. Lehen gehiago kostatzen zitzaion, barnerakoiagoa zen. Eta, orain, programako kideekin oraindik lagunak dira. Donostiara lasterketa batera joango dira eta Baseberrira joateko ere gelditu dira. Jendeari asko gustatu zaio programa. Sukalde saio gehiago daude, baina hau desberdina da. Askoz naturalagoa dela esan didate.