Altsasuko feriek utzitako irudi hoberenak saritzeko unea

Guaixe 2019ko aza. 15a, 11:05
2017ko argazkien erakusketa. ARTXIBOA

Bihar, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean argazki rallyan aurkeztutako argazkien proiekzioa eginen dute

Duela 34 urte antolatu zuen lehenengo aldiz Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak Altsasuko Ferietako Argazki Rallya. 32 argazkilarik Altsasuko ferietako irudi nabarmenenak kameraren objektibotik hartzen aritu ziren urriaren 20an. Bihar, larunbata, 19:30ean, argazkilariek lehiaketara aurkeztutako argazkiak ikusteko aukera izanen da Iortia kultur gunearen areto txikian. Gainera, kultur gunearen pasilloan argazkien erakusketa dago hilaren 21era arte.

Argazki rallyra aurkeztutako argazkien proiekzioa eta sari banaketa izanen da bihar. Argazkilari bakoitzak gehienez 35 argazki egin zitzakeen eta horetatik bost aukeratu behar izan dituzte, gai bakoitzeko bat. Bost sari banatuko dituzte bihar helduen kategorian eta hiru harurren kategorian: lehenengo, bigarren eta hirugarren bildumarik hoberenak, sailkatu ez den klubeko kidea eta Ferietako argazkirik onena. Sariak trofeoa eta 150 euro, 100 euro eta 60 euro dira. Sari banaketaren ondoren auzatea izanen da.