"Gizonen jokaerak" aztertzen dituen dantza ikuskizuna

Guaixe 2019ko aza. 15a, 11:58

'La maldicion de los hombre Malboro' izanen da bihar, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Haurra zenean Malboro zigarroen iragarki batek arreta deitu zion Isabel Vazquez koreografoari. "Gizon batzuk agertzen ziren, cowboyak, eta larre batean zaldiaren gainean ibiltzen ziren. Beti bakarrik, autosufizienteak". Iragarki horiek zigarroen filtroak "gizontzeko" iragarkiak ziren, izan ere, ordura arte gizonek filtrorik gabeko zigarroak erretzen zituzten. "Niretako hori zen gizon bat". Iragarki hori gogoan izan du Vazquezek La maldicion de los hombres Malboro dantza ikuskizuna egiteko. Ikuskizuna bihar, larunbata, 19:30ean, izanen da Iortia kultur gunean. 

Maskulinitatearen "jokaera kaltegarriak" dira La maldicion de los hombre Marlboro dantza ikuskizunaren gai nagusiak. "Jokaera horiek hezkuntza kontu bat direla ondorioztatzen dugu". Isabel Vazquez ikuskizunaren zuzendaria eta koreografoa da, eta maskulinitatearen gaia "tailer" batzuetan lantzen hasi zen. "Interesa neukan". Gai "garrantzitsua" dela dio. Gizonen "maldizioa" "gizonei jartzen zaien motxila" da, hau da, "jaiotzen direnean indartsuak, liderrak eta abar izateko hezten dira". 

Gizonen "ezintasun emozionalean" oinarritu da Vazquez ikuskizuna egiteko. "Zergatik egiten zaien hain zaila sentimenduak adieraztea". Izan ere, sentimenduak adieraztea "femeninoa" dela uste dute. Lanbide eta zaletasun femenino bezala ikusten da dantza ere, baina hainbat herrialdetan kontrako joera dagoela azaldu du Vazquezek: "ekialdeko musika asko erabiltzen dugu bertan oso naturala delako gizonek dantza egitea". Estatuan dantza egiten duten gizonak "emagizonatuak" daudelaren "estigmak" jarraitzen duela esan du koreografoak. "Oraindik horrela gaude". 

Estigmak eta aurreiritziak apurtzeko ikuskizuna da Andaluziatik datorrena. David Barrera, David Novoa, Arturo Parrilla, Javier Pérez, Baldo Ruiz eta Indalecio Segura dira dantzariak. "Aurretik ezagutzen nituen. Ezagutzen dudan jendearekin lan egitea gustatzen zait". Gainera, interpreteak "polifazetikoak" dira; dantzariak, aktoreak eta abeslariak daude. Vazquez zuzendaria den arren, guztien artean sortu dute lana: "Prozesu harrigarria izan da". Testua Gregor Acuña-Pohl idazlearena da. "Gizon baten testua izatea nahi nuen". 

Dantzariak "inguruan dituzten gizonetan" oinarritu dira. "Nahiz eta ez garen konturatzen, gure inguruan, lagunen artean edota familian, gizontasun horren erreferenteak ditugu". Beraz, gizon "matxirulo" horien ibiltzeko edo agurtzeko moduak oinarri izan dituzte, eta ikus daitezke dantzaren bidez. 

Dantza garaikidea egiten dute La maldicion de los hombre Malboro ikuskizunean, baina dantza estilo, eta, bereziki, hainbat musika estilo uztartzen dituzte: "Oso interesgarria iruditzen zitzaidan kulturarteko kontrastea. Ekialdeko musika folklorikoa non gizonek naturaltasunez dantze egiten dute, edo Arabiar musika, kontraesanak ematen direla ere. Gizonak oso adierazkorrak dira dantzan".