Saskibaloia

CBASK-Jatormanek San Ignacio liderra du aurkari

Guaixe 2019ko aza. 21a, 10:50

Autonomien Arteko 2. mailan dabilen talde altsasuarra larunbatean, 20:00etan, San Ignacioren kontra ariko da 

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren gizonezkoen Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan 7. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman taldeak Valle de Egues hartu behar zuen Zelandin, baina partida abenduaren 13ko 20:00etara atzeratzea erabaki zuten bi taldeek.

Gauzak horrela, Autonomien Arteko 2. Mailako Ligak lider berria du, San Ignacio (14 puntu). CBASK-Jatorman taldea 9. postuan dago (8 puntu). Asteburuan 8. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-Jatorman taldeak Iruñean jokatuko du larunbatean, 20:00etan, San Ignacio liderraren kontra. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoan CBASK-IFUELek irabazi
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 7. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak etxean jokatu zuen, Zelandin, Escaleras Aguerriren kontra. Partida oso lehiatuan azkenean puntuak etxean geratu ziren, CBASK-IFUEL-ek 80 eta 74 irabazi baitzion Escaleras Aguerriri. 

Sailkapenean, Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (13 puntu) eta CBASK-IFUEL taldea 6. da (8 puntu). Asteburu honetan 8. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeak etxean jokatuko du, larunbatean, 16:00etan, sailkapenean hirugarrena den Paderborn Baskets Oberena taldearen kontra. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKek lider sendo darrai
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 4. jardunaldia jokatu zen. Teresianas B taldea hartu zuen CBASK-ek, eta lidergoa sendotu zuen talde altsasuarrak, 72 eta 17 Iruñakoen gainetik pasa eta gero. Jokatutako lau jardunaldiak irabazita CBASK liderrak 8 puntu ditu eta larunbatean, 12:00etan, sailkapenean bigarrena den Navarro Villoslada B taldearen kontra ariko da Iruñean.