"Gero eta arinago, solteago sentitzen zara"

Guaixe 2019ko aza. 22a, 10:30

Mariano, Lontxo, Ekai, Rosa, Mari Carmen eta Juanjo pasiatzen.

Lontxok eta Juanjok Aldasoro, Mariano Cortesek, Mari Carmen Elsok eta Rosa Orellanak ibilbide osasungarria egin zuten herenegun, Ekai Urkijo begiralearekin batera

Astelehen eta asteazkenero dute hitzordua. Zelandi kiroldegiaren osasuna eta kirola arloko eskaintzetako bat da. Haiekin joan ginen pasiatzera.

1. Zergatik etorri zarete paseatzera?

Rosa. Ibiltzea asko gustatzen zait. 
Mari Carmen. Alferra naiz. Nire kabuz ez naiz ateratzen eta, horrela, nire burua behartzen dut. 
Mariano. Zerbait egiteagatik. Ez nuen ezer egiten eta gogortuta gelditzen ari nintzen. 
Juanjo. Ibiltzeko ohitura banuen. Nafarroako Gobernuaren eskaintza honekin hasi ginen, eta hementxe!
Lontxo. Ibiltzeko ohitura badut, baina neguan, hotzarekin eta, ez nahi jartzen zara. Horrelakoekin atera behar duzu. Bai euria, bai elurra, ongi jantzi eta martxa. Bestela, batzuetan 10:00etan ohean egonen ginateke. Martxa ez da hori. Martxa da pixka bat ibiltzea, eguna hastea pixka bat mugitzen. Nabaritzen da gero. Ongi ibiltzeko. Jendearekin gauza askotaz hitz egiten dugu; ongi pasatzen dugu. 

2. Nora joaten zarete paseatzera? 
MC. Aldiro ibilbide berria dugu. Ekaik prestatzen du eta esaten digun tokira goaz.
M. San Pedro inguruan, dermioko bideetatik… Aurrekoan Erkudeneraino joan ginen. Momentuz ongi. Jende gehiago etortzea espero dugu.
L. San Juan eta institutu aldera ere, leku askotara joaten gara.
MC. 4 km inguru dira, joan-etorria. 
R. Ordu eta erdi aritzen gara. 
J. Denbora horretan egiteko, Altsasun nahikoa buelta daude, errazak, aldapa txikiekin.

3. Zer moduz, nola sentitzen zarete paseoa egin ondoren? 
R. Ni gaur hasi naiz. Baina aurreko ikasturtean oso pozik egon nintzen. Gaur baino jende gehiago geunden. 
MC. 13 izatera iritsi ginen. Badago bakarren bat hasi behar duena, baina oraintxe ezin duena.

4. Errepikatu baduzue, gustatu zaizuenaren seinale!
R. Bai. Niri asko gustatzen zait ibiltzea. Bakarrik ere joaten naiz. Basora ez naiz sartzen, baina ia egunero pasiatzen dut.

5. Egin dituzuen ibilbideak ezagutzen zenituzten?
R. Bai. 
MC. Olaztiarra naiz, baina senarrarekin asteburutan pasiatzera joaten ginen eta, gutxi gorabehera, ezagutzen nituen. Eta oso gustura nabil. Oso paraje ederrak dira.

6. Pasiatu ondoren, etxera iristean nola sentitzen zarete?
MC. Nekatuta. Aurreko aldian baino gehiago nekatzen ari naiz aurten.
M. Neke pixka bat. Baina atseden hartu ondoren hobe. Ezer ez egitetik egiten hastera, hobetzen zoazela nabari da: gero eta arinago, solteago sentitzen zara. Gehiago eskatzen dizu gorputzak.
R. Etxetik buelta bat ematera atera beharra dut, bestela, gaizki. 
L. Ondo sentitzen naiz. Ariketa egin eta nabari da argiago eta pixka bat…
J. Alaiago. Zure gorputza eta zure burua esna dago. Ez tontotuta. Ongi etortzen zaigu haizea hartu eta ibili. 

7. Zer moduz Ekairekin? 
M. Oso ongi. Gaztea, kirolaria. Bere istorioak kontatzen dizkigu. Eta guk gureak. Baita txisteak. 

8. Beraz, pasioak jendea ezagutzeko aukera ematen du?
M. Bai, prisarik gabe…
MC. Gainera, anaiak izugarriak dira. A zer istorioak dituzten! Oso jatorrak dira.
L. Astelehenetan Ekairi galdetzen diogu zer egin duen asteburuan. Beasainen futbol atezaina da eta aurreko igandetan kristoren hotzak pasa dituela esan digu.
J. Jende berria ezagutzen duzu eta, hori, pozgarria da. Beti zer edo zer ateratzen da. Aste honetan Ezkurdiaren kontua. Igandean Osasunak eta Athleticek jolasten dute. Astelehenean badugu adarra jotzeko pixka bat. Ondo, haserretu gabe ibiltzen gara. Giroa jartzen. 
L. Gainera, lehen herrian agurtzen genuena, orain ezagutzen dugu. Elkarrizketak izaten ditugu eta hori ere oso pozgarria da. 

9. Paseatzera etorriko ez bazinate, zertan ariko zinatekete oraintxe?
R. Etxean, edo mandatuak egiten. Bueltan bazkaria egin beharko dut. 
M. Agian sofan, telebista ikusten, bazkal-garaira arte. 
MC. Gauza bat dela bestea dela, beti dut zereginen bat. Astegunetan, egunero ez, baina bizpahirutan ateratzen naiz.

10. Podometroa eman dizuete. Zer moduz moldatzen zarete?
M. Pausoak zenbatzeko.
MC. Bestela hor dago begiralea.  
R. Ongi. Aurreko ikasturtean egon nintzenez, eta zeroan jartzen ez dakidanez Ekairi hori egiteko eskatu diot. 

11. Soilik pasioetan erabiltzen duzue, edo aparte ere?
MC. Nire erlojuak pausoak zenbatzen dituenez. Ez diot kasu handirik egiten, egindako pausuak, km-ak begiratzeko. 
M. Etxean egin duzunaren ideia izateko, ateratzen ez garenean. Edo mandatuetara ateratzen zarenean. Ezer egiten ez dudanetan 3.000-4.000 pauso egiten ditut. Pasio egunetan 10.000-11.000. Eta etxean egiten duzunarekin 15.000 pausora iritsi zaitezke. Pasioez aparte, momentuz, ez dut ezer gehiago egiten. 
R. Edozein egunetan 4 edo 5 km egin ditzaket. Aurreko aldian pasioez aparte erabili izan nuen podometroa ere. Egunaren arabera, agian arratsaldean beste pasio bat ematen dut. 
L. Nik jaiki eta podometroa jartzeko ohitura dut, gauera arte. Atzo (asteartea) 9.800 pauso egin nituen.
J. Ni ere egun osorako jartzen dut eta 15.000 pausotik gora egiten ditut egunero, mendira joateko ohitura dudalako. Asteburutan, igandean agian, ez naiz ateratzen eta 4.000 edo. 

12. Eta zenbat pauso egin behar dira.
M. 65 urtetik gorako bati, gutxienez, 10.000 pauso egitea aholkatzen diote.

13. Medikuari esan diozue ibilbide osasungarrietan parte hartzen ari zaretela?
M. Kontsultetan izena ematera animatzeko paperak jarri dituzte. Kiroldegian orri bat eman digute eta egunero ematen ditugun pausoak apuntatzen ditugu. Pentsatzen dut medikuei pasako dietela.
MC. Nik ez dut medikuarekin kontsultatu. Bestela esanen diot ariketa egiten ari naizela. 
R. Iruñeko mediku bati esan diot. “Behartu gabe, baina ahal duzun guztia egin”, esaten dit. 
J. Medikuek beraiek esaten didate hoberena ibiltzea dela. 
L. Udan ez dago halakorik, baina Urbasara ziza bila joaten naiz eta egun batzuetan, agian 35.000 pauso ibiltzen naiz.   

14. Garrantzitsua ariketa egitea?
R. Bai. 
M. Bai. Igerilekuan izena emanda nago, baina ez noa. Lehen denbora faltagatik zen, orain behin hasita, pentsa dut ez naizela geldituko.
J. Bi gauza daude hor. Bat, zaletasuna. Azkenean denbora bete egin behar dugu. Eta bestea, hor daudela azukrea, tentsioa, kolesterola… Horri aurre egiteko sendagileek esaten dute gauza ona dela ibiltzea.

15. Hau irakurtzen duenak izena eman nahi badu, zer egin behar du?
M. Etor daitezela, hobera egiten dutela nabarituko dutelako. Solteago egonen dira eta ez zara etxean bezain aspertuta egonen. 
R. Ibiltzera animatuko nituzke. 
L. Hemen jende guztia hartzen dugu, etortzeko gurekin ibiltzera.
J. Ongi ibiliko da. Gu jende guztiarekin hitz egiteko gogoz egoten gara.