Eguberrietako oporretan ere, Aisiaz Blai

Guaixe 2019ko aza. 25a, 11:52

Ludotekaren urteurreneko ospakizuna.

Txantxari udal ludoteka abenduaren 23, 24, 26, 27, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 3 eta 7an zabalik izanen da, lana eta familia bizitza bateragarri egin ahal izateko.

Ikastetxeen egutegiek oporrak markatzen dutenean badira hainbat familia seme-alabak norekin utzi ez dutenak, gurasoak lanean daudelako, esaterako. Halako egoeretan errazago moldatzeko, Txantxari udal ludotekak Aisiaz Blai aisialdi programa eskaintzen du eguberritako oporretarako. 3 eta 12 urte arteko (2007 eta 2016 artean jaioak) ume eta haurren gurasoek baliatu dezakete aukera eta aipatutako datetan euren txikiak ludotekan utzi. Bi ordutegi daude: 08:30etik 13:30era eta 11:00etatik 13:30era. Aurreneko ordutegiarekin plazak betetzen ez badira zabalduko da bigarren aukera hori soilik. 

Izen ematea bihar zabalduko da eta ostiralean itxi. Aukera baliatu nahi duten gurasoek 012 edo 948 012 012 telefonora hots egin beharko dute edo, bestela, www.altsasu.eus web orrian sartu beharko dute. Sartzeko baremoa ere osatua du Altsasuko Udalak eta familia ereduaren arabera puntuak ematen dira. Matrikula errentaren arabera ordaindu beharko da eta ordutegi zabalaren kasuan 13,64 euroetatik 45,7 eurotara bitartekoa da. Haurrak aisialdi programara izen emateagatik ordainketan ere hobariak jaso daitezke, horretarako beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da.