Bost gai, hogeita hamabost argazki eta bost sari

Guaixe 2019ko aza. 22a, 12:15
Argazkki Rallyaren Altsausko ferietako argazkirik onena, Fernando Morenok egina. ALTS. MENDIGOIZALEAK

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko ferietako Argazki Rallyaren sari banaketa egin zuen larunbatean

Zaiako Jose Luis Rodriguezek irabazi zuen altsasuko ferietako Argazki Rallyaren bildumarik onenaren saria. Altsasuko ferietako argazki hoberenaren saria Fernando Moreno altsasuarrak irabazi zuen, hirugarren bildumarik onenaren sariarekin batera. Bigarren bildumarik onena Jose antonio Fernandez gipuzkoarrarena izan zen. Gainera, sari berri bat banatu zuten larunbatean Altsasuko ferietako Argazki Rallyaren barruan: altsasuar onenaren saria eta Josu Dorronsoro bigarrena. 32 argazkilarik parte hartu zuten aurtengo argazki rallyan. Sari banaketa larunbatean izan zen Iortia kultur gunean.

Argazkilari amauteurrak
Fernando Morenori argazkilaritza txikitatik gustatzen zaio, eta orain ohikoa da Sakanako hainbat ekitaldietan kamera eskuan duela ikustea. Bosgarren urtez aurkeztu zen Argazki Rallyra. Aurrekoetan "penarekin" ateratzen zen sari banaketa ekitalditik, baina aurte sorpresa hartu du: Altsasuko ferietako argazkirik onena eta hirugarren bilduma onena berarenak ziren.

"Kasualitatez" egin zuen ferietako gaiaren argazkia Morenok. "Dagoeneko gai guztiak eginak nituen, eta bakarra gelditzen zitzaidan: ferietako argazkia". Argazkilariek Altsasuko feriako egunean bost gai islatu behar dituzte argazkien bidez. Aurten Altsasu, Isladak eta itzalak, Abiadura eta Udazkena islatu behar zuten urtero errepikatzen den Altsasuko ferietako argazkiarekin batera, eta "kontroleko" argazkia, hau da, norberak bere buruari egin behar dion argazkia.

Urtero gaiak aldatzen diren arren, Altsasuko ferietako argazkia errepikatzen denez "aurreko urtetako argazki irabazleak begiratzen dituzu ideiak hartzeko". Beraz, Morenok bazekien animali baten argazkia nahi zuela. "Zaldiengana joan nintzen, baina ezin nuen pasa. Zuhurra izatea gustatzen zait". Hortaz, ganadu azokara joan zen eta bertan zegoen "behi gorri" bati argazkia egin zion. "Ez nintzen argazkiarekin batere gustura gelditu. Oso txarra zen". Baina argazki rallyaren epaileek zerbait ikusi zuten argazki horretan, izen ere, saria eraman zuen Morenok.

Egun bizia izan ohi da Altsasuko ferietako eguna argazki rallyan parte hartzen duten argazkilariendako. "Dotore atera nintzen etxetik, baina kotxean aldatzeko arropa eramaten nuen". Hortaz, gaia udazkena zela jakin zuenean, arropa aldatu eta basora joan zen. "Pentsatu behar duzu nola islatu dezakezun gai hori. Aurten nahiko erraza izan da. Baina poztasuna esaten dutenean... nola islatu poztasuna argazki on batean?".

Rallyan parte hartzen duten argazkilariek elkar ezagutzen dute, eta amateurrak dira. Haietako asko Herriz herri lehiaketan parte hartzen dute eta argazki rallyaren sailkapena lehiaketa honetarako puntuagarria zen. Moreno Herriz herri lehiaketaren "beste rallyren batean" parte hartzea pentsatzen ari da.