Ludotekan mugimendu bereziko astea

Guaixe 2019ko aza. 26a, 10:19
Haurrak mozorrotuta ludotekan.

Jostailu bilketa eta trukaketa, eta familiartean jolasteko aukera eskaintzen ditu Txantxari udal ludotekak, Altsasu, Olazti eta Ziordiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Dindaia fundazioarekin batera

Haurrek etxean gordeta, aspaldi erabili gabe dituzten jostailuek eurei ilusioa pizteko bigarren aukera dute. Dagoeneko estimatzen ez dituzten baina egoera onean dauden jostailu horiek trastelekutik atera eta euren ikastetxera edo Txantxari udal ludotekara eraman ditzakete haurrek. Bilketa atzo hasi zen eta ostegunena despedituko da. Eramandako jostailuak ikastetxeetan eta ludotekan jasotako beste jostailu batzuekin trukatzeko aukera izanen dute haurrek aste osoan zehar. 

Bestetik, Txantxari ludotekak familiartean jolastuko gara? Saioa eskainiko du ostegunean, 15:30etik 17:00etara. Saio dinamiko hori 2-6 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago. Haur bakoitzeko heldu bat izanen da eta elkarrekin ordu eta erdiko saioan jolasean eta abesten ibiliko dira. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da, eta plazak mugatuak dira. 

Jostailuen erakusketa gidatua hartuko du Iortia kultur guneak, ostiralean, 17:00etatik 19:00etara. Familia-arteko harremanak landu eta euskaraz gozatzeko aukera izanen da. Gainera, erakusketa gidatuak euskaraz argitaratutako eta ekoiztutako azken nobedadeak ezagutzeko aukera eskainiko du: jostailu hezitzaileak, euskarazko edota euskaratutako mahai jolasak…