Saskibaloia

CBASK-Jatormanek ezin izan zuen San Ignacio liderra mendean hartu

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 27a, 11:35

Autonomien Arteko 2. mailan dabilen talde altsasuarrak larunbatean, 18:00etan, Avia Zizur Ardoi taldea hartuko du 

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren gizonezkoen Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan 8. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman taldeak San Ignacio liderraren kontra jokatu zuen Iruñean eta altsasuarrek ederki estutu zuten liderra, baina, azkenean, San Ignacion 66 eta 54 irabazi zion CBASK-Jatorman taldeari. 12 puntuko aldearekin.

Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako lider jarraitzen du San Ignaciok (16 puntu). CBASK-Jatorman taldea 10. postuan dago (9 puntu). Asteburuan 9. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-Jatorman taldeak etxean jokatuko du, larunbatean, 18:00etan, sailkapenean 6. den Avia Zizur Ardoi taldearen kontra. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 8. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak etxean jokatu zuen, Zelandin, Paderborn Baskets Oberena taldearen kontra. Partida entretenigarria izan zen, baina nahiz eta altsasuarrak saiatu, hobeto asmatu zuten iruindarrak eta azkenean 64 eta 87 gailendu ziren. 

Sailkapenean, Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (15 puntu) eta CBASK-IFUEL taldea 6. da (9 puntu). Asteburu honetan 9. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeak sailkapenean laugarrena den Liceo Monjardin taldea du aurkari, Liceon. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKek lider sendo darrai
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 5. jardunaldia jokatu zen. Navarro Villoslada B hartu zuen CBASK-ek, eta lidergoa sendotu zuen talde altsasuarrak, alde handiarekin, 15 eta 70, Navarro Villosladakoen gainetik pasa eta gero. Jokatutako bost jardunaldiak irabazita CBASK liderrak 10 puntu ditu eta larunbatean, 09:30ean, sailkapenean seigarrena den Valle de Egues taldearen kontra ariko da Zelandin.