Atletismoa

Barricarte Memorialerako izena ematea zabalik

Guaixe 2019ko aza. 28a, 15:34

Abenduaren 8an jokatuko da Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatutako proba (10,6 km). Aurretik izena ematen dutenek 3 euro ordainduko dute eta egunean egiten dutenek, aldiz, 5 euro

Korrikalariek abendu hasieran hitzordu berezia dute Altsasun. Zubeztia elkarteak antolatutako 39. Oinezko lasterketa edo 36. Alberto Barricarte memoriala izanen da aurten abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean jokatuko dena. Aurten igandearekin tokatzen da, igande honetan ez, hurrengoan. Lasterketari 11:30ean emango zaio hasiera eta Altsasuko herri gunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eman beharko zaizkio, guztira 10,6 km osatuz.

Lasterketa Zubeztia elkarteak antolatzen du, Altsasuko Udalaren laguntzarekin. Festa eguna denez, San Silvestreari begira puntuan jartzeko proba aproposa da Altsasukoa, eta oso proba herrikoia da. Aurreko urtean eguraldi eguzkitsua baino freskoarekin aritu ziren proban parte hartu zuten 155 korrikalariak eta Angel Vazquez lazkaotarra (31:06) eta Cabanillasko Aitana Gil (36:10) izan ziren azkarrenak. Ea aurtengoan ere eguraldiak lasterketarekin bat egiten duen. 

Ibilbidea (10,6 km)
Zubeztia elkartekoek herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 10,6 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba. 

Izena ematea zabalik 
Barricarte memorialean aritzeko aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke izena ematea (3 euro). Bestela egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean (5 euro). 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.

Sakanako atletismo kopako azken proba
Barricarte Memorialak 2019ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria erabakiko du, puntuagarria den azken proba delako, Ziordiko VI. Herri Krosa, XVI. Aitzkotzar Herri Krosa, Ergoienako XVI. Bira eta Sakanako XIX. Herri Lasterketa eta gero. Hortaz, Altsasuko asterketaren ondoren jakingo da nortzuk diren Kopako irabazleak.