Altsasuarrek aurreko izenez, Eguzkia, ezagutzen dute Iberica de Suspensiones SA (Issa) enpresa. Aurten 100 urte bete ditu enpresak eta hori ospatzeko ate irekien jardunaldia antolatu zuen. Langileen senideek haiek zein lan egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten larunbat goizean. Denak batera ezin hartu eta ordu laurdenero talde bat sartu zen lantegira eta langile batek gidari lanak egin zituen.
Bulegoan enpresaren historiaren berri ematen zuen bideo bat ikusiz hasi zen lantegirako bisita. Eta handik tailerretara jaitsi ziren. Europako auto ekoizle guztiendako egonkortze-barrak egiten ditu Altsasuko Issa lantegiak. Barra horiek txasisara lotzen dira eta autoek ezker-eskuin mugitzea eragozten du, batez ere bihurguneetan, garai bateko Citroen 2 CV (bi zaldi) autoak zuten mugimendu, dantza hura kentzen dute. Horiek ekoizteko metalezko tutuak edo metalezko barrak erabiltzen dituzte. Bien arteko aldea pisua da.
Ekoizpen prozesuan, aurrena, barrak autoei lotzeko, muturretan torlojuendako zuloak egiten dizkiete prentsaren bidez. Ondoren, auto ekoizleak eskatutako forma ematen diote. Pintatu ondoren, auto ekoizleek eskatzen dituzten osagarriak gehitzen dizkiote. Normalean horiek egonkortze barrak autoari lotzeko euskarri gehigarriak dira. Auto elektrikoendako barretan goma euskarri bat itsasten dute lehenik eta gainean barra autora lotzeko euskarriak. Horrela, zaratak sortzea eragozten dute, autoak ez baitu soinurik ateratzen eta edozein soinu mekanikok erabiltzailearen kexa eragin baitezake. Gaur egun ekoizpenaren % 3,2 da auto elektrikoendako.
Iberica de Suspensionesen gaur egun metalezko tutuak egonkortze barra bihurtzeko 6 linea automatizatu dituzte eta urtearen hasieran zazpigarrena jarriko dute. Horietan inork ez du barra ukitzen dena robotek egiten dute. Metalezko barretarako bi linea dituzte martxan. Egonkortze-barrak egiten dituen estatuko enpresa bakarra da eta Europan oso gutxi daude.
Aurrera begira
Kalitate arloan lan egiten duen Iñigo Bidaurrek esan digunez, “konpetentzia oso handia da, baina gure lekua dugu”. Gaur egun ia auto marka guztiendako ekoizten dute Altsasun: Nissan, Toyota, Suzuki, EPPSA, Renault, Mercedes, Missubishi eta Volskwagen. “56 erreferentzia ditugu” zehaztu digu Bidaurrek: “autoa diseinatzerakoan azken gauzetako bat da egonkortze barra, horregatik hartzen ditu halako forma bereziak”. Jakinarazi digunez, ilbeltzetik aurrera BMWrekin proiektu bat eginen dute. Bidaurrek esan digunez, “bezero batzuk etorri eta besteak joaten dira. Garrantzitsuena da proiektu berriak izatea. Gainera, hainbeste bezerorekin lan egiten dugunez, denetatik ikasten duzu”.
Altsasuko lantegia 1980tik enpresen arteko aliantza estrategiko batek (joint ventre) kudeatzen du. Gaur egun Japoniako eta Italiako bi multinazionalek erdibana dute jabetza. “Haien artean konpetentzia dira. Horrek gauzak egiteko independentzia pixka bat ematen digu. Eta bi aldeetatik bezeroak topatzeko aukera ere”. Bidaurrek zehaztu digunez, “japoniarrek garrantzia handia ematen diote industriari, kalitateari eta tekniko izateari. Italiarrek, berriz, garrantzia gehiago ematen dioten irabaziei”.
Ekonomiaren motelaldia heldu dela esaten dute adituek, Bidaurrek azaldu digunez, “gure sektorea beti aurretik joaten da. Nafarroan enplegu erregulazio espediente batean sartu ginen lehenak agian gu izan ginen, 2008an. Gainontzekoek krisialdia ondoren sumatu zuten. Aldakorra da. Azken bi hilabeteetako datuak ongi daude zeren salmenta eta esportazio kopuruak igo egin dira. Baina egia da AEBren eta Txinaren arteko erlazioa eta auto elektrikoaren garapenak jendeak autoa erostea galgatzen du”. Bitartean lantegian Berdintasun plana sinatu dute. Castellongo lantegian sinatzen dutenean jarriko da indarrean.
Datuak
53 urte enpresak Altsasun egindakoak.
14.000 metro karratu eraikiak ditu lantegiak.
170 langile, 147 gizonezko eta 23 emakumezko (muntaian eta kalitatean, eta bulegoan gehiago).
30 robot baino gehiago ditu ekoizpen prozesuan lanean.
Europako ia auto ekoizle guztiak hornitzen ditu.
3.800.000 egonkortze-barra egin zituzten 2018an.
Oroigarriak
Mendeurrena gogorarazteko, bisitak bukatzean langileen semeek zuhaitz bat landatu zuten lantegi sarrerako belardian. Harengandik ez oso urruti 1990 eta 2014 urteen artean lantegiko kudeatzaile izan zen Pedro Mari Armendariz Barrondoren oroimenezko plaka eta zuhaitza daude. Harago, berriz, 1988ko lastailaren 28an auto istripuan hil ziren Koji Shimazaki, Yoshikazu Hirato eta Mitsuru Tazinawaren oroigarria.
Kronologia
1912 Honorio Alberdik ibilgailu, auto, kamioi eta bestelakoendako malguki lantegia zuen Urretxun. Aitortza eta izen handia zuen enpresak.
1919 Alberdi sein inbertsiogilerekin bat egin eta Honorio Alberdi SA sortu zuten, bi milioi pezetako kapitala zuen. Juan Alberdi Garcia zen presidentea. Bitartekoz ongi hornitutako enpresa Urretxuko Labeaga kalean zegoen.
1919 Madrilgo Metroko aurreneko linea Cuatro Caminos eta Puerta del Sol artekoa izan zen. Enpresak malgukiak egin zituen aurreneko bi lineendako.
1920 Enpresak Muelles y Aceros Eguzkia SA izena hartu zuen. Enpresak hainbat hiritan delegazioak zabaldu zituen eta sektoreko erreferentzia bihurtu zen.
1922 Donostiako erakustazokan eta beste hainbatetan parte hartu zuen eta bezero-zorroa handitu zuen.
1965 Nafarroako industria sustapenerako programak enpresak herrialdera erakartzea zuen helburu (lurra merke eskaini zuen) eta horrekin bat egin zuen Eguzkiak (Altsasuren kokapena interesgarria zitzaion).
1966 Muelles y Aceros Eguzkia SA Ondarria industrialdean kokatu zen. 22.000 metro karratuko lursaila hartu zuen eta haietatik 5.000 eraikiak zeuden. Baleztak eta ibilgailu, tren eta makineriarendako malgukiak ekoizten zituzten.
1980 NHK Spring SLk, Muelles y Ballestas Hispano Alemanas SA eta Nisso Iwai Company enpresek osatutako aliantza estrategikoak (joint venture) enpresa erosi eta Eguzkia NHK SA izena hartu zuen. Ondorioz baleztak ekoizteari utzi eta autoendako egonkortze-barrak egiteko linea bat jarri zuten. Ondoren autoendako malguki helikoidal bikonikoak ekoizten hasi ziren. Japoniar akziodunen sarrerak, batetik, Europako auto ekoizle japoniarrak (Nissan, Toyota, Honda, Suzuki) bezero bihurtzeko gakoa izan zen. Eta, bestetik, teknologia eta prestakuntza ekarpen handia egin zuen.
1989 Iberica de Suspensiones SA enpresa sortu zen. Akziodun berak ziren eta egoitza Castellongo Nulesen zuen. Azken lantegi horretan autoendako malgukiak egiten dituzte.
1992 Nulesko lantegia autoendako malgukiak ekoizten hasi zen eta Altsasuko lantegian egonkortze-barren ekoizpena kontzentratuko da.
1994 Pedro Armendariz, konpainia berriko zuzendari nagusia zena, Altsasuko lantegiko zuzendaritza hartu zuen, 2014an hil zen arte.
1995 Tutu egonkortze-barren ekoizpena hasi zen.
1996 Alevard Resorts Automobilek (ARA) Muelles y Ballestas Hispano Alemanas SAren akzioak eskuratu zituen.
1999 Italiako Sofegi taldeko Rejna enpresak Alevard Resorts Automobile (ARA) eskuratu zuen eta Alevard Rejna Autosuspensions bihurtu zen.
2003 Eguzkia NHK SA eta Iberica de Suspensiones SA enpresak bat egin zuten eta Iberica de Suspensiones SL izena hartu zuen.