Eraikinak zaharberritzeko laguntzei buruzko ordenantza bidean

Guaixe 2019ko abe. 5a, 10:32
Zumalakarregi plazako lanak. Inguru hori izanen da esku-hartze orokorreko aurreneko planak hartuko duena.

Altsasuko Udalak hura onartu aurretik kontsulta publikorako epea zabaldu zuen astelehenean. Iritziak, iradokizun eta ohar guztiak honako helbide elektronikora bidali beharko dira: altsasu@altsasu.net 

Altsasuko Udaleko Hirigintza Batzordeak zaharberritzeko laguntzei buruzko ordenantzaren zirriborroa onartu du. Ordenantzaren bidez Altsasuko Udalak etxebizitza-blokeen inguratzaile termikoak hobetzea sustatu nahi du. Izan ere, hori egiten duten eraikinetako energia eraginkortasuna nabarmen hobetzen da eta, ondorioz, berokuntza sistemako faktura jaitsi. Blokeek inguratzaile termiko berria izateak aldi berean ekartzen du haien kanpo itxura ere asko hobetzea. Araudi berriarekin Altsasuko Udalak, gainera, etxebizitza-blokeetako arkitektura oztopoak kentzea bultzatu nahi du.

Ordenantza zirriborroan jaso denez, lan horietarako dirulaguntzak eskuratzeko eraikinak zaharberritu beharreko eremuetan egoteaz aparte, esku-hartze orokorreko plana onetsita eduki behar dute. Udalak bi laguntza mota emateko aukera aurreikusi ditu: eraikinaren inguratzaile termiko osoa berritzea eta inguratzailearekin batera arkitektura trabak kentzeko lanak egitea eraikinean. Bi kasuetan udalak aurrekontuaren % 4ko laguntza emanen du. Baina, udaletik gaztigatu dutenez, eraikin bat lehentasunez zaharberritu beharreko eremu batean eta dagokion esku-hartze orokorreko planean sartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza % 40tik % 50era pasatzea. 

Baldintzak
Eraikin batean halako lanak egiteko dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak dira: etxebizitza gisa erabiltzea, antolamendutik kanpo ez egotea, Altsasuko Udalak izendatzen duen Esku-hartze Orokorreko Plan baten bidez izendatzen dituen lehentasunezko zaharberritze-eremuetan egotea eta Nafarroako Gobernuaren zaharberritze babestuaren kalifikazioa izatea.   

Altsasuko Udalak lehentasunez zaharberritu beharreko eremu batean sartu den etxebizitza-eremu bakoitzerako onartuko du esku-hartze orokorreko plana, eremu horren eraikuntza-ezaugarri berezietan oinarrituta. Javier Ollo Martinez alkateak aurreratu duenez, “behin ordenantza onartuta esku-hartze orokorreko aurreneko plana Zumalakarregi plaza eta inguruko kaleak hartuko ditu. Ondoren, plan gehiago iritsiko dira”. 

Bestalde, legeak dioenari jarraituz, Altsasuko Udalak ordenantza onartu aurretik kontsulta publikoa egin du, altsasuarrek iritzia eman dezaten.