"Torneoetan jende asko ezagutzen duzu"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko aza. 29a, 11:06

Bele Beltzak Altsasuko estrategia jokoen taldea da. Iñigo Olivenza eta Joseba Lizarraga taldeko kideak Bolt Action jokoaren Munduko txapelketan aritu dira, Nottinghamen

Joseba Lizarraga Munduko txapelketaren irabazle naturala izan da.

1. Zer da Bolt Action-a?
Joseba. War game edo gerra joko bat da. Bigarren mundu gerran oinarrituta dago. 
Iñigo. Estrategia joko bat da eta miniaturekin jokatzen da. Miniatura horiek bigarren mundu gerran oinarritzen dira eta tablero batean mugituz joan behar zara, metroarekin eta dadoekin. 

2. Miniatura horiek nolakoak dira? Zuek lantzen dituzue?
J. Paketea irekitzen duzunean burua alde batetik eta gorputza beste aldetik etortzen dira eta gero itsatsi behar dituzu. 
I. Orokorrean, muntatu eta margotu gabe saltzen dituzte; hortaz, guk muntatzen eta margotzen ditugu. Beraz, armada guztiak pertsonalak dira. 

3. Zein da jokoaren helburua? Nolakoak dira lehiaketak?
J. Beste estrategia joko batzuetan objektiboa bestea hiltzea izan ohi da. Honetan, ez. Misio batzuk daude: beste armada akabatzea izan daiteke, beste misio bat tableroan dagoen etxe bat lortzea... Objektibo desberdinak daude. 
I. Miniatura bakoitzak puntuazio bat du eta horiekin zerrendak egiten dira. Beraz, zerrenda bat bestearen kontra jokatzen da. Torneoak egiten dira eta torneoak hiru partidetara izan daitezke, adibidez. Nahiko luzeak izan ohi dira, bi ordutakoak. Esan bezala, bete beharreko objektiboak daude, eta horiek lortu behar ditugu. Baina beti atzean zerbait dago, istorio bat dago, eta istoriotxo horren gainean gatazkatxo bat egiten da. 

4. Beraz, historiaz asko jakin behar da?
J. Printzipioz, jokatzeko ez da behar. Jolasten jakin behar duzu. Baina jokoan sartzen zarenean gehiago jakin nahi duzu. Adibidez, nik talde pila bat ditut, baina normalean sobietarrekin jokatzen dut eta begiratu non egon ziren eta bere historia pixka bat. 
I. Azkenean, jokatzen historiaz bustitzen zara. Asko ikasten duzu. 

5. Taldeka aritzen zarete?
I. Indibidualki lehiatzen gara, baina Bele Beltzak deitutako elkarte bat sortu genuen Altsasun. Librea da. Edozeinek etor daiteke ikustera edo gurekin jokatzera. Joko askotara jolasten hasi ginen eta hau gustatu zitzaigun. Indartu nahi dugu eta horretan ari gara. Altsasukoak bost edo sei gara. Komunitate nahiko handia kontuan hartuta herri txiki bat dela. Ez dakit nondik datorren, baina bost elkartu gara eta komunitate indartsua sortu dugu. Udalak Gure Etxean gela bat utzi zigun eta hor egoten gara. 
J. Taldean gu biak, Haitz Bujanda, Iñaki Aldasoro eta Unai Lopez gaude. Jende berria sartzen ari da orain. Azken bi urte hauetan Madrileko finalera denak sailkatu gara. Espainian eta Portugalen torneo pila bat egiten dira eta bakoitzean lehenengo eta bigarren sailkatuak pasatzen dira. Zortea izan genuen eta Iñigo bigarren eta ni hirugarren sailkatu ginen. 

6. Munduko txapelketan egon zarete, Nottinghamen. Nolako esperientzia izan da?
J. Oso esperientzia ona izan da. Egun osoan primeran egon ginen. Frantziarren kontra, ingelesen kontra... aritu ginen. 
I. 100dik gora pertsonek parte hartu zuten. Oso giro ona zegoen, oso giro jatorra zen. Jendea giro hori mantentzeko ahalegintzen zen eta oso ongi aritu ginen. Gu jokatzera joaten gara, baina jendeak asko lantzen du. Lan izugarriak ikusten dira: margotzen, tableroa girotzen...
J. Sari desberdinak daude: irabazleak eta gero, besteak beste, margotze sariak. Nik jokatzeko margotzen dut. Baina Iñigorenak oso politak dira eta taldeko Iñaki Aldasororenak izugarriak dira. Askotan margo txapelketa irabazi du primeran margotzen duelako. Baina gu normalean jokatzera joaten gara. 

7. Zein postutan sailkatu zineten?
J. Nik berez irabazi egin nuen, baina arazotxo bat sortu zen. Puntuak ematerakoan, ordenagailuan sartzerakoan, akats bat egon zen eta 16 puntu sartu beharrean 8 puntu sartu zizkidaten. Nire kontra jokatu zuen Frantziako mutiko bat emaitzak jakiterakoan epaileengana joan zen esatera irabazletzat hartu zutela eta alderantziz zela. Nahiko txundituta gelditu zen. 
I. Nik ez dakit nola gelditu nintzen, baina oso postu arruntean. Sailkapenaren erdian-edo. Azkenean gelditu zitzaigun zapore mingotsa, eta orain nahiko zalaparta dugu zenbaketarekin. Beraz, Madrileko batek irabazi zuen, berez bigarrena gelditu zena, eta berari eman zioten saria. Baina oso ondo aritu gienen. Torneoa oso ona izan zen, nahiz eta luzea izan. 

8. Zer egin duzue Munduko txapelketara iristeko?
I. Estatutik eta Portugaletik torneoak egiten dira. Komunitatea ez da bakarrik estatu mailakoa, baizik eta Portugal hartzen du ere. Hemen Altsasun gure elkarteak urtero torneo bat antolatzen du eta sailkapenean sartzeko txapelketa da. Bertan Madrilekora joateko plaza bat edo bi eskaintzen dira. Beraz, torneo horiek irabazi behar dituzu Madrilekora joateko, eta gero Madrilen Ingalaterrara joateko plazak lortzen dira. Beraz, bi torneo irabazi edo bigarren gelditu behar zara Mundukora iristeko. Aurten maila handiagoko lehiaketa izan da. Jende askoz gehiago zegoen. 
J. Aurten gu biok joan gara. Bigarren urtea izan da. Aurreko urtean Haitz Bujanda eta biok iritsi ginen. 

9. Zaletasun garestia da, ez?
J. Guk normalean low cost egiten dugu. Gainera, zu zure miniaturekin hasten zara, armada batekin. Ni sobietarrekin hasi nintzen. Badira armada indartsuagoak -sobietarrak, japoniarrak, alemaniarrak..., bigarren mundu gerrako potentzia nagusienak, eta gero ahulagoak direnak. Beraz, batekin hasten zara, eta torneo batera joaten zara eta holandesak oparitzen dizute, eta bildumarako beste bat. Klubean guztiak ditugu. 
I. Bai, guk low cost bidaiatzen dugu. Nottinghameko torneoa nahiko garestia da, baina guk plaza irabazi genuenez doan da. Beraz, ez da hain garestia izan. Miniaturek kostatzen dute, baina ez dira oso garestiak ezta. Gure elkartean norbaitek probatu nahi badu, baina ez daki non, edozein momentutan etor daiteke. Joko honetako eta gehiagoko materiala dugu.  

10. Sariak horiek izaten dira?
I. Guk antolatzen ditugun torneoetan hainbat babesle ditugu eta asko mugitzen gara sariak onak izateko. Horrela jende gehiago dator. Parte hartzaileek eguna Altsasun pasatzen dute, denok elkarrekin bazkaltzen dugu... 
J. Harremana handia dugu Olaztiko Pako harategiarekin eta pila bat laguntzen digu. Beraz, saria miniaturak eta haragia izan ohi da. Etxeko berezitasun bezala. Txapelketaren arabera kanpotik jende asko etortzen da: Madriletik, Bartzelonatik, Granadatik... Izan ere, Madrileko finalerako txartela lortzen duzu eta Altsasun ez baduzu lortzen, beste batera joango zara. Gainera, txapelketak ez ezik bestelako jarduerak ere antolatzen ditugu. Bilboko La Guarida elkarteak Espainiako gerra zibilaren inguruko hitzaldi bat antolatu du. Iñaki Aldasoro egongo da eta oso interesgarria izango da. Aurreko urtean gazte txokoan egon ginen jokoaz hitz egiten...

11. Jende asko ezagutzen duzue.
I. Jendea asko mugitzen da. Kluben artean egindako komunitate bat da. Euskal Herriko jendea, Galiziako jendea... Estatuaren iparraldean komunitate polita dugu. Orokorrean, jendea oso jatorra da. 
J. Nottinghmen Bilboko mutiko batekin elkartu ginen. Oso jatorra zen. EH team egin genuen. Taldekako sari bat zegoen eta hiruren artean Euskal Herriko taldea egin genuen.