Egunerokotasuna gelditzeko gaitasuna

Guaixe 2019ko abe. 2a, 13:56
Ikor Kotx argazkilariaren irudi bat. IORTIA

Ikor Kotx argazkilariaren eta Karmelo C. Iribarren idazlearen 'Aire freskoa' erakusketa mustuko dute abenduaren 3an, asteartea, Altsasuko Iortia kultur gunean. "Egurokotasunezko" argazki eta poema bilduma egin dute artistek

Ikor Kotx bezala ezagutzen den argazkilariak eta Karmelo C. Iribarren idazleak ez dute elkar ezagutzen. "Erakusketa mustu genuenean Karmelo ez zen agertu". Argazkilariak uste duenez, askotan egondako taberna batean lan egiten zuen idazleak, eta agian "tragoren bat" zerbitzatu izan dio. Baina Aire freskoa erakusketa sortzeko ez dira behin ere elkartu. "Hala ere, erakusketa ikusi duen jendeak kontrakoa dirudiela dio". Erakusketa hainbat argazkik eta poemek osatzen dute, eta Iortia kultur gunean abenduaren 3an mustuko dute. Hilaren 20ra arte izanen da.

Karmelo eta Ikor Kotx EHUn hitzaldi bat emateko gonbidatu zituzten. "Hori da lotura bakarra". EHUko arduradunak bien erakusketa bat antolatu zitekeela pentsatu zuen, eta landutako gaiak kontuan izanda, Aire freskoa deitzea erabaki zuen. Izan ere, Ikor Kotx azaldu duenez, bien lanak oso antzekoak dira. Erakusketak gai bat jorratzen ez duen arren, "egunerokotasuna islatzen dugu, artifiziorik gabea eta modu xume batean".

Ikor Kotx argazkilariak duela zortzi urte proiektu bat jarri zuen martxan. Lan egun bakoitzean argazki bat elkarbanatuko zuen sare sozialetan. "Kompromiso hori hartu nuen". Duela bi urte "sorta handi bat" zuen eta zenbait artistekin elkarlanean liburu bat kaleratu zuen. "Liburu horietatik hainbat argazki aukeratu ditu erakusketarako". Ikor Kotxek, beraz, ez ditu eraksuketa osatzeko Karmeloren testuak irakurri, eta Karmelok ez ditu aurretik argazkiak ikusi poemak sortzeko.

"Bien arteko lanean lotura dago". Izan ere, argazkilariak azaldu duenez, lan "oso urbanoak, eguneroko egoerak" azaltzen dituzte biek. Ikor Kotxen argazkilaritza "oso soila" da, "artifiziorik gabea". Kalean dabilen pertsona baten begirada momentu konkretu batean, gelditzen datzala azaldu du argazkilariak. "Egunerokotasunaren momentuak" bilatzen ditu. Hortaz, Karmeloren poesia ere "oso zuzena" dela azaldu du Ikor Kotxek. "Kafe bat hartzen ari den gizon bati buruz hitz egiten du", esaterako.