Udaltzain berriak astelehenean hasiko dira lanean

Guaixe 2019ko abe. 5a, 08:52

Bost agente berri ditu Altsasuko Udaltzaingoak, bostak euskaldunak. Guztira sei agente eta bi laguntzaile dira. Astelehenetik aurrera goiz eta arratsaldez ariko dira.

Oposizioa eta Nafarroako Segurtasun Eskolako polizien oinarrizko sarrera ikastaroa gainditu ondoren, Altsasuko bost udaltzain berriek atzo hartu zuten kargua. Jubilazioengatik azken bi urteetan bi laguntzaile besterik ez dira lanean aritu. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, agente berriekin goiz eta arratsaldez izanen dira udaltzainak lanean astelehenetik aurrera, bi udaltzain txanda bakoitzeko. 

Ollok azaldu duenez, “udaltzain faltak ordenantzak betetzea zaildu egin du orain arte”. Trafikoa, garaje eta etxabeetarako pasabideak, txakur kakak eta beste aipatu ditu alkateak. Bestalde, Ollok jakinarazi du otsail akaberarako aukeratu nahi duela udaltzaingoko agente lehena izanen dena (Nafarroako Polizia Legeak agente lehenaren kargua sortu zuen kaboarenaren ordez). Alkateak, bestalde, aurreratu du udalak “pitteka-pitteka” udaltzainendako materiala erosiko duela.