Futbola

Emakumeen erregionala: Altsasuk azken bi partidak irabazi ditu eta seigarrena da

Guaixe 2019ko abe. 10a, 15:28

Azaroaren 30ean Altsasuk 2 eta 0 irabazi zion Amigo taldeari Dantzalekun eta larunbatean Altsasuko neskek 2 eta 3 irabazi zioten Burladesekoei

2019/2020 denboraldia ikusgarria ari da izaten Emakumezkoen Erregional mailan dabiltzan neska altsasuarrendako. Azaroaren 30ean jokatutako 13. jardunaldian Altsasuk Amigo taldea hartu zuen Dantzalekun eta partida bikainean 2 eta 0 gailendu ziren altsasuarrak, June Alzelaik eta Janire Lopezek sartutako golei esker. Eta larunbatean, Altsasuk 14. jardunaldiko partida jokatu zuen Ripagainan, Burlades taldearen kontra. Altsasuko neskek hasieratik hartu zuten partidaren ardura eta Amets Oteizak 16. minutuan sartutako golarekin aurreratu ziren markagailuan. Burladesek berdintzea lortu zuen, baina atzera ere Altsasu aurreratu zen, Eider Vicentek 58. minutuan sartutako golari esker. Partida bukatzear zegoela, 86. minutuan, Eider Vicentek hirugarren gola sartu zuen, altsasuarren lasaitasunerako. Burladesek bigarrena sartu zuen 89. minutuan, baina ez zuten berdintzeko tarterik izan eta 2 eta 3 irabazita itzuli ziren altsasuarrak Burlatatik. 

Sailkapen orokorrean, Castejon taldea da Emakumeen erregional mailako liderra (37 puntu). Altsasuko neskek historia egiten jarraitzen dute eta seigarrenak dira (24 puntu). Hurrengo jardunaldian Altsasuk 33 punturekin sailkapenean bigarrena den Mutilbera taldea hartuko du Dantzalekun. Zalantzarik gabe, partida oso zaila dute aurretik altsasuarrek, baina ez dira kikilduko.