Saskibaloia

CBASK-ek janari bilketa solidarioa egingo du

Guaixe 2019ko abe. 12a, 12:24

Autonomien Arteko 2. mailan ostiralean 20:00etan CBASK Jatorman taldeak eta Valle de Eguesek jokatuko duten partidarekin batera Paris 365 jantoki sozialaren aldeko janari bilketa egingo du Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Autonomien Arteko 2. mailan, CBASK-Jatorman taldeari 57 eta 65 irabazi zion Avia Zizur Ardoi taldeak 9. jardunaldian. Sailkapenean San Ignacio taldea  da liderra (17 puntu) eta CBASK-Jatorman taldea 12.a da (10 puntu). 

Asteburu honetan jardunaldi bikoitza du Altsasuko taldeak. Alde batetik, 7. jardunaldiko atzeratutako partida jokatuko du ostiralean, 20:00etan, Zelandi kiroldegian, Valle de Egues taldearen kontra. Eta partida hori janari bilketa solidarioa egiteko aprobetxatuko du Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak. Paris 365 jantoki sozialaren aldeko janari bilketa egingo da, eta bertara lekaleak, pasta, arroza, kontserbak, olioak eta bestelakoak eramateko deia egin dute CBASK-etik. Beraz, saskibaloiaz gozatzeko aukera izateaz gain, solidario izateko eta Paris 365 jantokia laguntzeko aukera izango da ostiralean Zelandi kiroldegian. 
Bestalde, igandean, abenduaren 15ean, 11:30ean, Basket Navarraren kontra ariko da CBASK-Jatorman Arrosadia kiroldegian, ligako 10. jardunaldian. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 9. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak 76 eta 68 galdu egin zuen Liceo Monjardin taldearen kontra. Sailkapenean, Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (17 puntu) eta CBASK-IFUEL taldea 7. da (9 puntu). Asteburu honetan 10. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeak Cendea de Galar hartuko du Zelandin, larunbatean, 16:00etan. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKek lider jarraitzen du 
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 6. jardunaldia jokatu zen. Atzera era bikain aritu ziren Altsasuko CBASK taldeko neskak eta Valle de Egues taldeari 93 eta 6 irabazi zioten. Jokatutako sei jardunaldiak irabazita, CBASK liderrak 12 puntu ditu eta larunbatean, goizeko 11:00etan, Liceo Monjardin taldearen kontra ariko da.