Gazteek Intxostiapuntako plangintzan parte hartu dezakete

Guaixe 2019ko abe. 17a, 15:41
Gazteak Intxostiapuntan bilduta.

Proposamenak eta iradokizunak gazteria@altsasu.net eta intxostiapunta@altsasu.net e-posta  helbideetan, 948 564 785 eta 608 617 778 telefonoetan, sare sozialetan, gazte gunean, hango batzarretan edo ikastetxeetako kutxetan egin daitezke hilabete bukaerara arte

Altsasuko Udaleko Gazteria Batzordeak Intxostiapunta guneko programazioa osatzeko parte-hartze prozesua sustatu zuen joan den urtean. Hartan oinarrituta osatu dute aurtengo programazioa. Esperientzia egokia zela iritzita, aurten berriro gazteei zuzendu zaizkie batzordetik, gazte guneko 2020ko plangintza osatzeko asmoz. Gazteria teknikari Blanki Torresek azaldu digunez, “gure ustez, ezinbestekoa da gazteek parte-hartze izatea prozesuan, haien ikuspuntu, ardura, behar, kezka, interes eta abarrak gertutik ezagutzeko”.

Torresek azaldu digunez, proposamenak jasotzeko prozesua “genero-ikuspegian oinarrituta” eginen da: “neskek eta mutilek eginen dituzten proposamenak agerian jartzeaz aparte, atal desberdinetan sartuko ditugu, bi sexuen abiapuntuak eta behar zehatzak zein diren azaleratzeko. Horrela, ikuspegi inklusiboa, askotarikoa eta erreala lortuko dugu, batzuek zein besteek egindako proposamenak jasoko dituen jarduketa-plana diseinatzeko”. Gazte gunean urteko plangintzaren zirriborroa eginen dute, eta azken oniritzia udalak emanen dio. 

Batzordearen osaera 
Udal ordezkariek, gazteria teknikariak, Intxostiapunta gazte guneko begiraleek eta gazte-berriemaileek osatzen dute. “Azken horiek funtsezko eginkizuna dute prozesuan”.