Biak Bat elkarteak aisialdi inklusiborako ikastaroa emanen du

Guaixe 2019ko abe. 14a, 09:59
Haurra katua eta txakurra aldamenean dituela. Argazkia: Biak Bat elkartea.

Animaliek lagundutako aisialdi inklusiboa nola egin azalduko du hilaren 26an eta 27an eginen duen ikastaroan. Izen ematea hilaren 16ra arte dago zabalik psicologia@biakbat.eus e-postan edo galdetegia betez.

Behar bereziak dituzten eta ez dituzten haurren arteko erlazioak sustatzeko helburuarekin, Biak Bat elkarteak Kontatu Nirekin animaliek lagundutako aisialdi inklusibo programa prestatu du, Altsasuko Udalaren laguntzaz. Josune Azpiroz Imaz elkarteko psikologoak azaldu digunez, “haurrak aniztasunean hezten baditugu, ondoren ez diegu inklusibitateaz hitz egin behar. Ideia hori gauzatu behar dela uste dugu. Gure helburua da espazio eta denbora partekatzea bai aniztasun funtzionala edo zailtasun soziala duten haurrak eta ez dutenak”. Azpirozek argitu digunez, “Eguesibarren 3 urtez eman dugu programa eta geroz eta eskaera handiagoa du”. Azpirozek gaineratu duenez, “batez ere, beharrak dituzten haurren familiek asko baloratzen dute, ez baita egoten herrian horrelako aukerarik”. 

Altsasuko programari dagokionez, Azpirozek argitu digu herriko haur eta gazteei zuzenduta dagoen animaliek lagundutako aisialdi programa dela. “Animalien bitartez aniztasuna, enpatia, aukera berdintasuna eta animaliekiko errespetua eta zaintza landu nahi ditugu. Taldeka, jarduera dinamikoak, parte-hartzaileak eta jolasetik, animalien erlaziotik abiatutakoak dira”. Gosari osasuntsuak ere parte-hartzaileek prestatzen dituzte. Elkarteko psikologoak jakinarazi duenez, haur (6-12 urte, 10:00etatik 11:30era) eta gazteen (13-18 urte, 12:00etatik 13:30era) taldeak sortuko dira eta talde bakoitzarekin bina saio eginen dituzte. “Saioak txakurrak ezagutu eta haien zaintza, maneiu eta tratuan oinarrituko dira. Gainera, egun bakoitzean hamaiketakoa eginen dugu, taldekako giroa eta gizarte harremanak sustatzeko, baita elikadura osasuntsua eta norbere autonomia ere lantzeko”.

Kontatu Nirekin programan parte hartzeko 7 euro pagatu behar dira. Taldea sortzeko gutxienez 8 haur edo gazte behar dira, eta gehienez 15 onartuko dira. Jarduerak Biak Bat elkartearen egoitzan eginen dira, Altsasuko Itsasia industrialdean, A kaleko 12. zenbakian. 

Kima programa
Biak Bat Elkarteak gaitasun sozio-emozionalak lantzeko txakurrekin egindako terapia programa da Kima. Estreinako aldia da elkarteak taldekako programa bat martxan jartzen duena. Lau tarte jarri zituzten martxan Altsasun bi eta bana Burlatan eta Iruñean. Azpirozek azaldu digunez, “esperientzia oso polita izan da. Zeren landu ditugu emozio-gaitasunak, enpatia, gizarte-trebetasunak… Taldeetan oso giro politak sortu dira. Ikerketa egin dugu eta ea emaitzek zer esaten duten”. Programa garatu bitartean “haien artean laguntasun baloreak asko landu dira, familiak pozik etorri dira”. Gizarte Zerbitzuen eta Altsasuko ikastetxeen laguntza izan dute haurrak aukeratzerakoan. Sei haurrek parte-hartu zuten. “Halakoen premia dago. Eskaera handia izan da”.  

Erlazionatuak