Taekwondoa

Rania Mabchour, Espainiako txapeldunordea

Guaixe 2019ko abe. 16a, 12:26

Kluben Arteko Espainiako Taekwondo Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Bargagain talde sakandarreko 11 urteko Rania Mabchourrek, aurre-kadete mailan. Gainontzeko sakandarrek ere maila polita eman zuten

Abenduaren 6tik 8ra Kluben Arteko Espainiako Taekwondo Txapelketa jokatu zen Alacanten. Bertan, Bargagain Taekwondo Taldeak 5 taekwondolarirekin hartu zuten parte: Rania Mabchour eta Leire Etxaniz, haurren mailan; Erkuden Moreno, kadete mailan (aurretik Espainiako bi domina ditu), eta Ane Gil eta Irati Irigoien (Iratik aurretik Espainiako bi domina ditu), junior mailan. Junior mailan aritzeaz gain, Irati Irigoienek ere 21 urtez azpiko mailako txapelketan aritu zen. 

Bargagain Taekwondo taldeko entrenatzaile Gerardo Montero Riverak adierazi digunez, Rania Mabchourrendako eta Leire Etxanizendako esperientzia berria izan zen Espainiako Txapelketan aritzea. “Txikienen helburua Nafarroatik atera eta kanpoan zein maila dagoen ikustea zen, horrenbeste jende lehiatzen den txapelketan aritzea, estatuko onenen artean. Lan bikaina egin dute eta Raniak sorpresa eman du, 11 urterekin zilarrezko domina lortu baitzuen aurre-kadete mailan. Espainiako txapeldunordea dugu, beraz” azaldu du Bargagaingo irakasleak. 

Gerardo Monterok aipatu digunez, Nafarroan 1.500 kirolari inguru trebatzen dira taekwondoan. “Pisu jakinetan taekwondolari asko egoten dira, baina kategoria solteagoetan ez hainbeste. Horregatik da hain garrantzitsua Nafarroatik atera eta beste txapelketetan parte hartzea, hemendik kanpo dagoen maila ikusteko. Pentsa Kluben Arteko Espainiako Tawkwondo Txapelketan 2.500 kirolaritik gora hartu zutela parte, estatuko onenak, asko Espainiako selekzioko kideak, olinpiar domina duen Eva Calvo artean. Eta Bargagain klubeko gure taekwondolariendako oso garrantzitsua da halako mailako probatan aritzea” gaineratu du Gerardo Monterok. 

Irigoienek, Gilek eta Morenok zorte apur bat izan zuten faltan 
Kategoria nagusietan, Erkuden Moreno kadete mailan aritu zen eta Ane Gil eta Irati Irigoien junior mailan. Irati, horretaz gain, 21 urtez azpikoan ere ibili zen. “Beraiek aurretik Espainiako Txapelketetan dominak lortu izan dituzte eta txapelketan goian egoteko maila dute. Baina lehiaketa hauetan finalera iristeko 5 konbate inguru gainditu behar izaten dira parte-hartzea handia delako, goi mailako arerioak dira eta xehetasunek erabaki dezakete nork egiten duen aurrera. Burua nola duzun eta egoera animikoak eragina du, baita zorte apur bat alde izateak ere. Eta guztia horren azkarra da… Beraiek aurreikuspen eta itxaropen handiak zituzten, baina azkenean ez dute dominarik lortu. Triste geratu ziren hasieran, baina guztia behar bezala baloratzerakoan lasaitu ziren. Lehiaketa asko dituzte aurretik, aukera gehiago, eta lanean jarraitzea ez dago besterik” azaldu du Monterok. 

Bargagain Taekwondo taldean entrenatzen eta trebatzen jarraituko dute bien bitartean gure taekwondolariak. Klubak 100 ikasle inguru ditu Altsasun eta Uharte Arakil eta Olaztiko taldeetakoak gehitu behar zaizkio. Baina ikasle hauen artean 20 inguru dira lehiaketetan aritzen direnak. Nafar Kirol Jolasetako Txapelketan jarraituko dute –otsailaren 8an Altsasuk jardunaldi bat hartuko du– eta horretaz gain, hiruzpalau hilabete barru inguruko txapelketaren batean parte-hartzea aurreikusten du Monterok, Zaragoza aldean edo. Bestalde, selekzioen arteko Espainiako Txapelketak jokatuko dira eta bertan aritzea aurreikusten du Irigoienek; ekainean Bulgarian jokatuko den Multieuropean Games-etan parte hartzea ere beste aukera bat izan daiteke.