Futbola

Altsasuko futbola bide onean

Guaixe 2019ko abe. 15a, 12:29

Abenduaren 6an Altsasuko Kirol Elkarteak 2019/2020 denboraldiko taldeen aurkezpena egin zuen. 15 talde ditu Altsasuk aurten, 280 jokalari eta 25 entrenatzaile inguru guztira. Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzaile Alfonso Castellanosek adierazi du gizonezkoen erregional mailako helburua taldea “egitea eta sendotzea” dela eta emakumezkoen erregional taldearen gorakada goraipatu du

Abenduaren 6an Altsasu futbolarien eta senitartekoen topaleku izan zen. Altsasu Kirol Elkarteak edo Sociedad Deportiva Alsasuak 2019/2020 denboraldiko aurkezpena egin zuen. Altsasu Kirol Elkarteak aurten dituen 15 futbol taldeetako futbolariak banaka-banaka zelaira atera ziren, entrenatzaileekin batera talde argazkiak egiteko. Guztia lotzen Alfonso Castellanos Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzailea zegoen, eta juntako beste hainbat kide. 

Castellanosek aipatu zuen aurten 15 futbol talde dituela Altsasuk, iaz baino talde bat gehiago, eta 280 futbolari inguru trebatzen direla Dantzalekun, 25 entrenatzailerekin. Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Futbol Topaketetan, Altsasuk benjaminen 3 talde ditu eta kimuen beste 3 talde; Nafar Kirol Jolasetan, Altsasuk haurren mailako 2 futbol talde, kadeteen beste 2 talde eta Emakumezkoen Futbol 8 taldea ditu; eta Nafarroako Futbol Federazioan, Altsasuk jubenilen 2 talde ditu, jubenilen 2. mailan lehiatzen direnak, eta erregionalean beste bi talde, gizonezkoena eta emakumezkoena. “Futbolak osasun bikaina du Altsasun; mugimendu handia dago Dantzalekun, eta hori da jarraitu beharreko bidea, gehiago hazten saiatzea” aipatu zuen Castellanosek. 

Castellanos eta Mendinuetak hartu dute gizonezkoen erregionaleko ardura
Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzailea izateaz gain, aurten gizonezkoen erregionaleko taldeko entrenatzailea da Alfonso Castellanos, Endika Mendinuetaren laguntzarekin. “Joan zen urtean emakumezkoen erregionaleko entrenatzailea nintzen, eta aurten emakumezkoen taldea utzi eta gizonezkoen ardura hartu dut. Izan ere, gizonen erregionalean aldaketaren beharra ikusi zen; Iruñeko entrenatzaileren bat ekartzen saiatu ginen baina zaila da lortzea, eta, azkenean, Endikaren laguntzarekin saltoa ematera animatu naiz. Ni gustura nago, eta badirudi taldea ere kontentu dagoela. Giro bikaina dago, mutilek elkar ezagutzen dute, harremana dute eta gustura gabiltza” gaineratu du Castellanosek. 

Taldea egitea, sendotzea eta egonkortzea
Erregional taldean 6 baja izan dituzte: Mikel Cordero, Jokin Lobo, Joseba Montoya, Cristian Leon, Asier Amiama eta Ekai Urkijo. Altak, jubeniletatik igo diren Mikel Arellano, Eneko Vera, Tasio Merchan eta Aitor Flores dira. Horretaz gain, Unai Alaba eta Julen Goikoetxea taldera itzuli dira eta 2 jokalari berri daude, Lucas Fernandez atezain urdiaindarra eta Juan Bautista jokalari iturmendiarra. “Gurea talde oso gaztea da. Hortaz, orain taldea egitea da gure helburu nagusia, taldea sendotzea, egonkortzea eta harrobia ere sendotzea. Ez dugu mailaz igotzeko presioa gainean izan nahi. Taldea egitea eta ahalik eta hobekien aritzea eta jokatzea, hori da asmoa. Erregional mailan 22 jardunaldi jokatzen dira, otsailean despeditzen da liga eta sailkatzen diren lehen 4 taldeek jokatzen dute igoera fasea; gainontzeko taldeak Kopan segitzen dute. Momentuz hamargarrenak gara, baina sailkapena oso estua dago, edozer gerta daiteke. Taldea bide onean dago; akaso horren gazte izatearen esperientzia falta du taldeak, baina zorte gehiagorekin eta bidea eginez iritsiko dira emaitzak” azaldu digu Castellanosek. Erregional mailako 2. multzoan dago Altsasu, eta talde indartsuenak Amaya eta Universidad de Navarra direla uste du Castellanosek, gainontzekoak maila paretsuan daudela. “Xehetasunengatik erabakitzen diren partidak dira gainontzeko taldeenak, oso paretsuak” gaineratu du entrenatzaileak. 

Emakumezkoen erregionaleko taldearen gorakada
Altsasuko Kirol Elkartean emakumezkoen 2 talde daude, Emakumezkoen Futbol 8 taldea, Nafar Kirol Jolasetan aritzen dena, eta Emakumezkoen erregionala, Nafarroako Futbol Federazioan lehiatzen dena. “Bi taldeekin jarraitu nahi dugu, taldeak sendotu. Erregional mailako taldearen laugarren denboraldia da aurtengoa, eta Futbol 8 taldeko bosgarren denboraldia. Futbol 8-ko taldean 16 neska daude eta erregionalekoan 23. Futbol 8 taldean benjaminak, kimuak eta haurren mailako jokalariren bat daude; taldea egonkortzen doa eta hobekuntza nabaritzen da” aipatu du Casatellanosek. 

Sekulako igoera egin dutenak erregional mailako neskak izan dira. “17 taldek osatzen dute Emakumezkoen Erregional maila; aurreko denboraldian hamairugarrenak sailkatu ziren altsasuarrak eta aurten seigarrenak dira. Iaz 26 puntu lortu zituzten denboraldi osoan eta egun 24 puntu dituzte, lehendabiziko itzulia despeditu baino lehen. Zer gertatu zaien igoera hau emateko? Bada, nire ustez, bere buruan sinisten hasi direla. Lehen talde berria izatearen zera hori zuten, taldea egitea falta zitzaiela, eta aurten konfiantza hartu dute. Ikusgarri daude, aizkorakada galanta eman dute” azpimarratu du Castellanosek iaz entrenatzen zuen taldeari buruz. 

Irati Igoa Mulierko futbol jokalariak emakumezkoen Futbol 8 taldea entrenatzen du eta erregional mailako taldean Endika Mendinueta entrenatzailearen laguntzailea da. “Oso ongi ari dira, eta Irati emakumezkoen bi taldeen arteko lotura bikaina da” gaineratu du Castellanosek. Beraz, aire ederrak dabiltza Dantzalekun. 

Junta berbera

Altsasuko Kirol Elkarteko juntan ez dago aldaketarik. Jone Fresneda da presidentea, Carlos Villalobos presidenteordea, Maria Eugenia Rosa diruzaina, Mañu Navarro idazkaria, eta Jesus Sayas, Martin Somocurcio, Felix Mazkiaran eta Iñaki Etxaiz bokalak. Txirrindularitza sekzioaren ardura Felix Mazkiaranek du, pilotarena Mañu Navarrok eta Jesus Sayasek eta futbol koordinatzailea Alfonso Castellanos da. “Berdinek jarraitzen dugu, gogoekin eta giro onarekin” nabarmendu du Castellanosek. 

Altsasu gizonezkoen erregionala 2019/2020
Atezainak: Lucas Fernandez eta Ailetz Nuñez jubenila. 
Atzelariak: Unai Alaba, Aitor Lopez, Juan Bautista, Esteban Letona, Paulette Vergara, Eneko Garasa, Gorka Martinez eta Aitor Lara. 
Erdilariak: Mikel Arellano, Jon Mendia, Javi Guisado, Patxi Letona eta Jon Insausti.
Aurrelariak: Julen Goikoetxea, Eneko Vera, Imanol Lobo, Raul Claver, Jon Lanz, Tasio Merchan, Imanol Reparaz eta Aitor Flores.
Entrenatzailea: Alfonso Castellanos. Laguntzailea: Endika Mendinueta. 

Altsasu emakumezkoen erregionala 2019/2020
Atezainak: Izaskun Ruiz de Egino eta Janire Lopez. 
Atzelariak: Amaia Viana, Maalen Beraza, Ainhoa Agirre, Saioa Sayas, Maialen Ijurra eta Janire Lopez.
Erdilariak: Alicia Elizalde, Sandra Gasco, Sonia Alonso, June Alzelai, Beatriz Teixeira, Garazi Martinez de Marigorta eta June Leza. 
Aurrelariak: Eider Vicente, Nerea Arellano, Amets Oteiza, Ekiñe Razkin, Aintzira Arretxe, June Garcia de Albeniz, Maddi Mariñelarena eta Jone Grados. 
Entrenatzailea: Endika Mendinueta. Laguntzailea: Irati Igoa.