1.605 ikasle eta bi ipuin

Guaixe 2019ko abe. 18a, 09:34
Ipuinen aurkezpenean, besteak beste, zenbait ikastetxetako ikasleek, Lucia Baquedano idazleak eta Ana Ollo kontseilariak parte hartu zuten.

Nafarroako 39 ikastetxeek 'Giza Eskubideen aldeko ipuin-katea' proiektuan parte hartu dute. Bi ipuin osatu dituzte: 'Harri bat bezala' eta 'Aunque nadie lo dijera'. Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak dinamikan parte hartu du

Juan Kruz Igerabide eta Luzia Baquedano idazleek ipuin-kate bati hasiera eman zioten. Gaia Giza Eskubideak ziren, eta ikastetxez ikastetxe, kate bat bailiran, idazleek hasitako ipuinak handiago egin ziren. Hortaz, ikasleek egunero, azaroa eta abendu bitartean, paragrafo bat edo bi gehitu diote testuari. Guztira, Nafarroako 39 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1.605 ikasleek parte hartu dute proiektuan, tartean Iñigo Aritza ikastola.

Ikasleek bi ipuin osatu dituzte: Harri bat bezala euskaraz eta Aunque nadie lo dijera gaztelaniaz. Ipuinak abenduaren 13an aurkeztu zituzten Iruñeko San Francisco liburutegian. Lucia Baquedano idazleak aurkezpenean parte hartu zuen eta proiektuan parte hartzegatik "oso pozik" zegoela esan zuen. Gainera, nahiz eta ipuin bat idaztea zaila izan, "egin daitekeela" azaldu zuen, eta idazten jarraitzeko animati zituen ikasleak.