Saskibaloia

Bat irabazi, bestea galdu

Guaixe 2019ko abe. 18a, 12:17

Autonomien Arteko 2. mailan CBASK-Jatormanek ostiralean Valle de Eguesen kontra jokatutako partida irabazi zuen baina igandean Basket Navarraren kontrakoa galdu

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Autonomien Arteko 2. mailan, jardunaldi bikoitza izan du Altsasuko CBASK Saskibaloi Taldeak. Batetik, ostiralean, 7. jardunaldiko atzeratutako partida jokatu zuen CBASK-ek Valle de Egues taldearen kontra, Zelandi kiroldegian. Partida hori Iruñeko Paris 365 jantoki sozialaren alde janari bilketa solidarioa egiteko aprobetxatu zuen CBASK taldeak, eta Zelandi kiroldegira hurbildu ziren jokalari eta zaleek lekaleak, pasta, arroza, kontserbak, olioak eta bestelakoak eraman zituzten. Partidari dagokionez, bikain jokatu zuten jokalari altsasuarrek eta garaipen polita lortu zuten, Valla de Eguesi 73 eta 43 irabazita. Eta igandean, 10. jardunaldiko partida izan zuen jokoan CBASK-Jatorman taldeak Iruñean, Basket Navarra taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen baina, tamalez, altsasuarrek ezin izan zuten asteburua borobildu, Basket Navarraren kontra 69 eta 63 galdu zutelako, 6 puntuko aldearengatik. 

Sailkapenean, San Ignacio da liderra (19 puntu) eta CBASK-Jatorman 9.a da (13 puntu). Asteburuan 11. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-Jatormanek 14 punturekin sailkapenean 6. den Humiclima izango du aurkari larunbatean, abenduaren 21ean, 18:00etan, Zelandi kiroldegian. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 10. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL taldeak Cendea de Galar izan zuen aurkari. Altsasuarrak saiatu ziren, baina azkenean 62 eta 81 irabazi zien Cendea de Galarrek. Sailkapenean Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (19 puntu) eta CBASK-IFUEL seigarrena da (10 puntu). Larunbatean, hain zuzen ere, Ega Perfil Oncineda liderraren kontra ariko da Altsasuko taldea, 19:00etan, Lizarreria kiroldegian. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKen zazpigarren garaipena 
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 7. jardunaldia jokatu zen. Altsasuko CBASK taldeko neskek ikusgarri jarraitzen dute eta 37 eta 53 hartu zituzten mendean Liceo Monjardinekoak. Jokatutako 7 jardunaldiak irabazita, CBASK liderrak 14 puntu ditu eta larunbatean, goizeko 10:50ean, sailkapenean bigarrena den Cantolagua hartuko du Zelandi kiroldegian.