Arreta soziosanitarioan trebatu dira 11 emakumezko langabe

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko abe. 20a, 12:38
Ikastaro akaberako talde argazkia.

Adinekoak diren edo mendekotasuna duten pertsonak behar bezala artatzeko ikastaroa jaso dute. Gurutze Gorriak eman du, Nafarroako Gobernuaren, ERSISI proiektuaren, Altsasuko Udalaren eta Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen laguntza izan du.

Nafarroako Gurutze Gorriaren Enplegu Planak, Altsasun, “Errenta bermatua jasotzen duten emakumeendako ibilbide integral intentsifikatuak, egoera ahulean edo gizartean baztertzeko arriskuan daudenak” izeneko proiektua despeditu zuen astelehenean. Ikastaroan parte hartu duten emakumezkoen profila da: egoera ahulean edo baztertzeko arriskuan egotea, errenta bermatua jasotzen duen familia unitateko kide edo jasotzaile dira. Dozena batek hasi zuten ikastaroa eta 11k despeditu dute: Fatima Aamer, Umel Fadli Abdelhai, Peace Appiah, Mina Bouanani, Svitlana Danylenko, Zelia De Jesus Machado, Amina El Ogdi, Zhor Missaoui Ep Missaoui Malacatus, Mercedes Larraza Elizondo, Aichetou Mohamed eta Naima Oulalit Ep Missaoui. 

Aichetou Mohamedek ikastaroarekin parte-hartzaileek lortu dutena zerrendatu zituen. “Alde batetik, gure buruarengan konfiantza izaten eta gure beldurrei aurre-egiten ikasi dugu. Bestetik, baliagarriak sentitu gara, helmugak jarri eta haiek lortzeko borrokatzen ikasi dugu. Gainera, ikusi dugu gauza asko egin ditzakegula, ez dugula soilik etxeko andreak izan behar. Eta, garrantzitsuena, guretako eta gure seme-alabendako etorkizun hobea izateko beharrezko tresnak ditugula esan dezakegu”. 

Naima Oulalit Ep Missaouik ere hitz hartu zuen eta adierazi zuenez, “lehen ez genekizkienak dakizkigu orain, eta egunerokoan eta lana opatzerakoan baliagarriak izanen zaizkigu. Gainera, jende zoragarria ezagutu dugu eta laguntasun eta babes sareak sortu ditugu. Azkenik, gure mugak frogatzeko aukera izan dugu. Gure gaitasunak ezagutzen ditugu eta zer eskaini dezakegun argi dugu”. Biek ere esker ona azaldu zuten eta halako ikastaroek segida izatea desiratu zuten: “parte-hartzaileendako mesedegarria da, lan mundurako sarbidea eta esperientzia hartzea errazten die”.  

Ikastaroaz 
Gurutze Gorriko teknikari Maria Betelu Arbizu arduratu da ikastaroaz, baina zazpi hezitzaile eta hiru boluntario izan dira guztira. Garagarrilean hasi abenduan despeditu da. Ikastaroan zehar Gurutze Gorrikoek gizarte- eta lan-akonpainamenduko ekintzak egin dituzte parte-hartzaileekin, bai bakarka bai taldeka. “Hemendik aurrera, lana bilatzeko ibilbide pertsonalizatua izango dute”. Beteluk azaldu zuenez, sei hilabete horietan emakumezkoek “arreta soziosanitarioan prestakuntza intentsiboa jaso dute, emakumezkoen autonomia sortzeko”. 

Adineko edo mendekotasuna duten  pertsonei zuzendutako arretan trebatzeko 575 prestakuntza-ordu izan dira. “Sakanan lan eskaera duen arloa delako hori”. Ikastaroan parte-hartzaileek gaitasun pertsonalak, zeharkakoak, hezkuntzakoak, hizkuntzakoak (gaztelania), eta lan-prestakuntza jaso dituzte. Pertsonen arreta eta garbiketa arlotan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten Aita Barandiaran adinduen egoitzan, Josefina Arregi klinikan, Etxarri Aranatz aldeko eta Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen etxez etxeko arreta zerbitzuetan eta Altsasuko Udalean. Euren curriculumak aberasteko aukera izan dute horrela. 

Gehiago
Nafarroako Gurutze Gorriko lehendakariorde Mercedes Ruiz de Galarretak azaldu duenez, “Errenta Bermatua jasotzen duten emakumezkoak hainbat zailtasun sozial ditu. Horiei aurre egiteko esku-hartze integrala, berariazkoa eta intentsifikatua behar da, tutoretza pertsonal eta iraunkorraren bidez”. Prozesu horretan, enplegu-ekintzak eta esku-hartze sozialeko ekintzak konbinatu dituzte, generoaren, eskumenen eta aniztasunaren ikuspegiarekin. “Horrela, haien parte-hartzea eta gizarteratzea bultzatzen dira, eta, azken batean, haien bizi-kalitatea hobetzen da eta normalizazioa bultzatzen da. Gainera, proiektuak prestakuntza eta enpleguko zerbitzu normalizatuetarako zubi gisa balio izan du, hainbat faktorerengatik emakume horien eskura egon ohi ez direnak”.

Galarretak nabarmendu du “horrelako proiektuek landa-eremuetan, inguruko eragileekin koordinatuta lan egiteko duten garrantzia”. Gaineratuz, parte hartu duten emakumezkoei balioa eman zaiela “beren lan- eta familia-bizitzako emaitzak eta aurrerapenak nabarmenduz”.

Ikastaroa Altsasuko Udalaren, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta inklusiorako Ersisi proiektuaren laguntza izan du, eta Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak finantzatu du, zehazki, “Langabetuen aldeko interes sozialeko Komunitarioko Programak 2019” izeneko irabazi asmorik gabeko entitateendako diru-laguntzen deialdiaren bidez. Ikastaroaren itxiera-ekitaldian izan ziren Jokin Zelaia Oiarbide, Altsasuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzia, Mercedes Ruiz de Galarreta, Nafarroako Gurutze Gorriko lehendakariordea, eta Loli Gutierrez Urrestarazu, Nafarroako Gobernuko Oinarrizko Laguntza Zerbitzuko eta Gizarteratze Zerbitzuko zuzendaria.