Bakegintza feministaren mendeurrenaren berri izateko aukera

Guaixe 2019ko abe. 23a, 10:55

Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligari (WILPF) buruzko erakusketa Iortia kultur gunean ikusgai izanen da gaurtik ilbeltzaren 3ra arte. 

Nafarroako Gobernuak Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligari (WILPF) bakearen aldeko lan-konpromisoa aitortu zion 2018an. Orduan sortutako lan-harremanaren ondorio da “WILPF: bakegintza feministaren ehun urte” erakusketaren berrargitalpena. Erakusketa Nafarroako hainbat ikastetxe eta herrietan barna ibilbidea egiten ari da eta urteko azken geldialdia Altsasun eginen du. Bide horretan “gizarte baketsuago, etikoago eta justuago baten eraikuntzan esperantza mezua” zabaldu nahi du.

Nafarroako Gobernuak erakusketa horrekin bakearen aldeko erakunde zaharrenetako bat ezagutarazi nahi du, batez ere emakumeek osatua dena, eta oraindik ere bizi-bizirik jarraitzen duena. Emakume horiek, bakea josten 100 urte baino gehiago daramatzatenak, “bakea gure planetako gune guztietan posible izan dadin saiatzen dira, baina, bereziki, gerra eta gatazka eremuetan egiten dute lan”.

Helburu nagusiak
WILPFen helburu nagusiak guztizko armagabetze unibertsala, bake justu eta iraunkorra, eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzea dira. Horregatik, erakunde horrek, eragin zuzena du gobernuengan, momentu zailetan elkarrizketa zubiak bultzatzeko asmoz egiten du lan.WILPF 1915ean sortu zen, Lehen Mundu Gerran, Hagan (Herbehereak) eginiko biltzar batean. 2015eko apirilean, beste biltzar bat egin zen Hagan bertan mendeurrena ospatzeko. 

Bere lan-eremu nagusiek ondoko programa hauek dituzte oinarri: Borondate Kritikoa lortu asmoz (Reaching Critical Will), bake kultura sortzera bideratua; arma-lasterketa gelditzeko (Stop The Arms Race.STAR), era guztietako armamentuen guztizko indargabetze unibertsala lortzeko; bakearen aldeko emakumeak (Peace Women), bake negozioaketetan emkumeen presentzia handitzeko “Emakumeak, Bakea eta Segurtasuna”-ri (2000) buruzko Nazio Batuen 1325 Ebazpena betetzeko.