U30 Greba Orokorra

Grebarekin "gauza bakarra" esan nahi dute: "bizitza erdigunean jartzea"

Guaixe 2019ko abe. 20a, 11:44

ELAko kideek greba orokorra antolatzera eta hartan parte hartzera deitu zuten.

ELA sindikatuak bere nazio kontseilua bildu zuen Altsasun atzo. 

Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak azaldu zigunez, ilbeltzaren 30erako deitutako greba orokorra lantzera elkartu ziren. Lakuntzak esan zigunez, “tamalez ez dugu esfortzu handirik egin beharrik grebara zergatik joaten garen esateko: azken hilabeteetan pentsiodunak kalera atera dira euren pentsioak pobretzen ari direla esateko; mugimendu feminista kalean egon da, besteak beste, soldata arrakala erdigunean jartzen eta azken hilabeteetan hainbat lantokietan grebak izaten ari dira ikusten dugulako bere garaian une baterako saldu nahi ziguten prekarietatea eremu guztietara hedatu delako, bai gizartean, bai lan munduan”. 

Lakuntzak azpimarratu zuenez, “greba guretako ezinbesteko tresna bat da. Konplexurik gabe diogu: politizatzeko greba bat da. Dena politika da: pentsioak, soldata arrakala, lan baldintzak… erabaki politikoak dira. Horri erantzuna eman nahi diogu”. Euskal Herriko Gutun Sozialak deitu du greba, sindikatuak eta makina bat eragile batzen dituena. “Guretako balore handia duen elkarlan hori Europan ezohikoa” dela gaztigatu digu Lakuntzak. Ilbeltzaren 30a bitartean antolatzera eta deitzen diren batzarretan parte hartzera eta eztabaidatzera deitu zuen ELAko idazkari nagusiak. “Jabetu borrokarik gabe hemen ez dagoela ezer irabazterik. Gure kezkak ez dira inon egonen aurretik kalean ez badaude”. 

Erlazionatuak