Urteko azken buelta Urbasara

Guaixe 2019ko abe. 27a, 11:38

XXXVII. San Silbestre Zikloturista Martxa antolatu du Altsasuko Kirol Elkarteak. Izena ematea zabalik dago www.sdalsasua.com web orrian. Izena ematean bi aukera daude: 10 euro edo 20 euro, Conservas del Reynoko Eguberrietako saskiarekin

Ez bakarrik korrikan. Sakanan ere bizikletarekin buelta emanda despeditzen da urtea. Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarteak makina bat urte daramatza San Silvestre Zikloturista Martxa antolatzen. Aurten 37. edizioa izango du probak eta abenduaren 31ko 12:00etan abiatuko dira txirrindulariak, aurten, nobedade moduan Altsasuko Foru Plazatik. 

XXVII. San Silbestre Zikloturista Martxarako izena ematea zabalik dago. Aurretik klubeko www.sdalsasua.com web orrian egin daiteke. Bestela, probaren egunean bertan, Gure Etxean. Inskripzioa osatzerakoan bi aukera daude: 10 euro ordaintzea, inskripzio normala, edo 20 euro ordaintzea eta Conservas del Reynoko Eguberrietako lote ederra jasotzea. 

Abenduaren 31n, asteartearekin 12:00etan aterako dira txirrindulariak Foru plazatik Olaztiraino litekeena da taldean joatea, eta gero, Urbasaraino igoko dira, bakoitza bere erritmoan. Hau martxa bat da, proba ez lehiakorra, berez, baina lehia polita izaten da. Goian, Urbasa gainean, guztiek salda beroa izango dute zain. Gero, Altsasura jaitsi eta Foruen Plazan dortsala uzterakoan –13:45etik aurrera, gutxi gorabehera, oroigarria jasoko dute txirrindulariek eta lotea hautatu dutenek Gabonetako sorta izanen dute zain. 

Lehen arratsaldez antolatzen zen San Silvestre Zikloturista Martxa, baina eguerdira aldatu zuenetik parte-hartzeak urtetik urtera gora egin du etengabe. Iaz 215 txirrindularik eman zuten izena. Finean, urteko azken egunean giro polita egoten da goizetik hasita Altsasun.