Autobus magikoan iritsiko dira Lur eta Amets bikiak Altsasura

Guaixe 2020ko urt. 10a, 11:43

Lur eta Amets filmaren une bat. LOTURA FILM

Marrazki bizidunetako filma iragartzeko ikuskizuna izanen da igandean, 17:00etan, Iortia kultur gunean

Otsailaren 6an mustuko dute Lur eta Amets haurrei zuzendutako euskarazko filma, eta aurretik filma aurkezteko bira eginen dute bi pertsonaiek. Etzi, igandean, 17:00etan, biki abenturazaleen autobus magikoa Altsasura iritsiko da. Gonbidapena Iortia kultur gunearen txarteldegian lor daiteke. 

Anai-arreba bikiak dira Lur eta Amets. Amonarekin asteburu pasa joan dira eta amonak botereak ditu. Botere horiei esker Euskal Herritik eta garai desberdinetatik abenturak biziko dituzte protagonistek. Lotura filmseko Miren Berastegik esan duenez, "abentura istorio bat da; garai desberdinetan gertatzen den abentura bat". Historia haurrei gerturatzeko edo "jakin-mina" sortzeko balio du filmak. "Gara desberdinetan kokatzen ditugu ikusleak". 

Ikastola Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak 2015ean Lur eta Amets proiektua martxan jarri zuten. Bikien istorioak kontatzen zituzten ipuinak argitaratu zituzten. Ondoren, Lotura film sartu zen eta filma egiteko ideiak aurrera egin zuen. "2017ko urrian hasi ginen pelikularekin eta orain mustuko dugu". Izan ere, ipuinen adaptazioa egin behar izan dute, ondoren, pertsonaiak marraztu eta bizia eman. "Prozesu luzea izan da". Lurrek eta Ametsek euskara hitz egiten dutela goraipatu du Berastegik: "Bikoiztaileren hitzen gainean egin ditugu ahoen mugimenduak, beraz, euskaraz egiten dute".

Pelikula otsailaren 6an mustu aurretik promozio "bitxia" egingo dute Lurrek eta Ametsek. Autobus magiko batean Euskal Herritik bira egingo dute. "Autobus batekin iritsiko dira herrietara eta gero antzezlan bat egingo dute". Antzezlana filmaren sarrera edo aurrerapen bat izango da, eta birarako pertsonaiak "haragizkoak" dira.