Txirrindularitza

280 txirrindulari igo ziren Urbasara urteko azken egunean

Guaixe 2020ko urt. 10a, 12:27

Altsasuko Kirol Elkarteak antolatutako XXXVII. San Silvestre martxak errekorrak apurtu zituen

Aurten ere parte-hartzaileen errekorra apurtu egin zen eta adin guztietako 280 txirrindularik hartu zuten parte Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako 37. San Silvestre txirrindularitza martxan. Aurten, nobedade moduan, Foru plazatik abiatu ziren txirrindulariak –batzuk mozorratuta– eta Urbasa gaineraino heltzea, hori izan zuten erronka. Txirrindularitza martxa proba ez lehiakorra da, baina txirrindularien arteko pike hori beti egoten da eta iaz bezala Elizondoko Ion Zeberio izan zen azkarrena (17:15), Asier Irigoien oso gertu izan zuela. Hirugarrena Luis M. Torre izan zen. Emakumezkoetan Cristina Barrajon gailendu zen Nerea Martinezen eta Maria Ioldiren aurretik. 

Urbasa gainean salda beroa dastatzeko aukera izan zuten guztiek, lainoari eta hotzari aurre egiteko ezin aproposagoa. Lasterketa arratsaldetik goizera aldatu zutenetik etengabe gora egin du parte-hartzeak. “Urtetik urtera partaideen kopuruak gora egiten du, aurten 280 izan dira” adierazi zuen probako arduradun Felix Mazkiaranek. Halaber, antolakuntzan emandako laguntzarengatik Altsasuko udaltzainak, Foruzaingoa, Altsasuko Kirol Elkartea eta boluntarioak eskertu zituen.