Saskibaloia

CBASK-ek galdu egin zuen Cronosen kontra

Guaixe 2020ko urt. 15a, 14:54

Autonomien Arteko 2. mailan CBASK-Jatormanek Miranda de Ebroko Cronos taldearen kontra galdu egin zuen 10 puntuko aldearekin

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Autonomien Arteko 2. mailan, 12. jardunaldia jokatu zen asteburuan, oporren ondorengo lehen partida. CBASK-Jatormanek Miranda de Ebron jokatu zuen, Cronos Novadiet taldearen kontra, eta txukun ibili ziren altsasuarrak, baina azkenean 10 puntuko aldearengatik galdu zuten, 71 eta 61. Sailkapenean, Club Baloncesto Cenicero da liderra (23 puntu) eta CBASK-Jatorman 9.a da (15 puntu). Hain zuzen ere, larunbatean, 13. jardunaldian CBASK-Jatorman taldeak liderra hartuko du Zelandin, Club Baloncesto Cenicero, 18:00etan. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan urtea ez du ongi hasi CBASK-IFUEL taldeak, El Navarrico taldearen kontra 10 tantogatik galdu baitzuen talde altsasuarrak (73 eta 63). Sailkapenean Ega Perfil Oncinedak jarraitzen du lider (23 puntu) eta CBASK-IFUEL 7. da (13 puntu). Larunbatean, 13. jardunaldian, Altsasuko taldeak etxean jokatuko du, Zelandin, 16:00etan, 16 punturekin sailkapenetan 5. den Valle de Egues taldearen kontra. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASKen 8. garaipena jarraian 
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 9. jardunaldia jokatu zen eta Altsasuko CBASK taldeko neskek bere maila ikusgarriari heldu zioten beste behin. Teresianas B taldearen etxean jokatu zuten altsasuarrek eta 70 puntuen aldearekin iruindarren gainetik pasa ziren, 20 eta 90 irabazita. Jokatutako 9 jardunaldiak irabazita, CBASK da txapelketako lider sendoa, 18 punturekin. Larunbatean etxean jokatuko du CBASK-ek eta Navarro Villoslada taldea hartuko dute, goizeko 10:50ean, Zelandin.