Saskibaloia

Naiara Diez: "2020 urtea oso ondo hasi da"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urt. 17a, 12:14
Argazkia: Maria Mentxaka.

Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak errekorrak apurtzen jarraitzen du 2019/2020 denboraldian. Bertako kapitaina Naiara Diez Fernandez altsasuarra da.

Emakumezkoen saskibaloian estatuan ikusle gehien bildu izan dituen taldea da –ilbeltzaren 4an Bilbao Arenan Zaragozako Mann Filterren kontra jokatutako Emakumezkoen Lehen Mailako Saskibaloi Ligako 15. jardunaldiko partidan 5.562 ikusle bildu zituen Gernikako taldeak– eta lortzen ari diren emaitzei erreparatuta ere historia egin du taldeak. Horren isla, EuroCup-ean final hamaseirenetarako sailkatzea lortu dute lehenengoz Malosteko neskek.

Ilbeltzaren 4an Bilbao Arenan jokatu zuen lehenengoz Lointek Gernika Bizkaiak, eta Emakumezkoen Ligan inoizko zale kopuru handiena bildu zuen, 5.562 ikusle. Eta aurreko ostegunean EuroCupeko final hamaseirenetara sailkatzea lortu zenuten. Errekorrak apurtzen zabiltzate...
Ibilbidea oso ona izan da denboraldi osoan, baina egia da 2020. urtea oso ondo hasi dela. Emakumezkoen Endesa Ligan Bilbao Arenan ilbeltzaren 4an 5.562 zale bildu ziren gu animatzera, giro ikaragarriarekin, eta Mann Filterren kontra garaipena lortu genuen, 78 eta 58; eta larunbatean Tenerifeko Ciudad de la Lagunari 62 eta 72 irabazi genion. Bestalde, EuroCupean historia eginez, final hamaseirenetarako sailkatu gara. Aurreko denboraldian ez genuen fase honetara sailkatzea lortu, eta aurten bai; horregatik, oso pozik gaude. 

EuroCupean, Bielorrusiako Tsmoki Minsk taldeari 83 eta 56 irabazi zenioten aurreko ostegunean, partida bikaina jokatuta. Naiara, zuk 10 puntu lortu zenituen (bi hiruko), eta ikusgarri aritu omen zinen. Ondokoa irakurri dugu zutaz, gaztelerazko kronika batean: “pletorica, con arrojo, entregada y resolutiva”. Hitz potoloak dira horiek…
Beharbada nire amaren hitzak izango dira (kar, kar...). Gauza bat esango dizut, gure taldean garrantzitsuena taldea da, ez norbanakoa. Taldeak ongi jokatzen duenean, aukera gehiago ditugu garaipena lortzeko. Ostegunean, Minsk-en kontrako EuroCup-eko partida erabakigarrian, bagenekien egun historikoa izan zitekeela, are gehiago etxean jokatuta, gure Maloste pabilioian jokatzen badugu badakigu zaleak gertu ditugula, marea granatea. Beti animatzen ari dira, gure alboan, eta hori guretako oso garrantzitsua da garaipena lortzeko, edo behintzat barruan dugun guztia emateko. Hori bagenekien, partida oso ondo prestatu genuen eta azkenean 83 eta 56 irabazi genuen. Garrantzitsuena da 11 jokalari garela, eta egun batean bat ez badago horren ondo bestea ateratzen dela eta lana ondo egiten duela. Beraz, guztiak taldeko protagonista sentitzen gara, momentu batean batzuk eta bestean beste batzuk, baina guztiak gara garrantzitsuak taldearendako, eta hori da talde honek duen gauzarik onena, batera gaudela, oso ondo lan egiten dugula batera. Partida historiko horri begira bakoitzak bere lana egin zuen eta garaipenak horrela etortzen dira, talde moduan. 

EuroCupean hurrengo arerioa Hungariako KSC Szekszard taldea duzue. Joaneko partida ilbeltzaren 22an, asteazkenean jokatuko duzue, etxean, Gernikan, eta itzulikoa ilbeltzaren 29an Hungarian. Taldea ezagutzen duzue? 
EuroCupa eta liga jokatzen ditugunez, hurrengo partidari begira zaude. Larunbatean Emakumeen Endesa Ligako partida jokatuko dugu l 18:30ean Embutidos Pajariel taldearen kontra, Gernikan, eta une honetan ligako partida horri begira gaude, ez dugu EuroCupa buruan; igandetik aurrera izango dugu buruan EuroCupa, eta partida hori oso ongi prestatzen saiatuko gara. Asteazkenean, Gernikan, joaneko partida on bat egiten saiatuko gara, gero bueltako partida Hungarian jokatzea gatzago izango baita. Taldeari buruz momentuz jokalariek ez dugu informazio nahikoa, baina entrenatzaileak bideoak ikusten ariko dira, taldea ezagutzen. Finean, partida asko ditugu, txapelketa ezberdinak, eta unean-unean hurrengo partidari begira gaude; uste dut hau dela taldea hain ongi joatearen gakoetako bat, hurrengo partidari begira egotea. Orain larunbatekoa da garrantzitsuena, eta hura bukatzen dugunean EuroCupean jarriko dugu burua. 

Simeonek dioen bezala, partidaz partida...
Hori ez du bakarrik Diego Simeonek esaten (kar, kar...). Guretako azkenean askoz hobeto da,  dinamika batean gaudelako. Askotan ez dakigu non gauden; beharbada gaur etxean zaude, bihar Tenerifen, edo Hungarian:horregatik guretako errazagoa da hurrengo partidari begira jartzea, bestela informazio gehiegitxo duzu eta hori kudeatzea zailagoa da. 

Emakumezkoen Endesa Ligan ari zarete.
Bai, denboraldi osoan barna sailkapenean 3. edo 4. postuan gaude, justu orain 4. tokian (28+3 puntu). Liderra Spar Citylift Girona da (30-1 puntu). Oso liga zorrotza da gurea, sailkapena estu dago eta Lointek Gernika Bizkaian daramagun ibilbidea oso ona da. Ez da bakarrik garaipenak lortzea, baizik eta zer nolako garaipenak lortzen ditugun. Girona liderrari bere etxean irabazi genion, eta ligako ia gainontzeko talde guztiek esaten dute Gernika talde garrantzitsua dela. Hori arro egoteko modukoa da. Beraz, bide honetan jarraitzen badugu, ez gara txarto egongo. 

Espainiako emakumezkoen ligan ikusle gehien bildu duzuen taldea izan zarete, 5.562 ikusle. Eragina izan du?
Bai, gure taldea urtero hobetzen ari da, eta ez bakarrik taldea, baizik eta kluba, gure taldearen garaipenaren atzean jende asko dagoelako: junta, entrenatzaileak, harrobia... Jokalariek kantxan jokatzen dugu eta gure erronka ahal dugun onena ematea da, baina taldean jende asko dago eta egia da urtero hobetzen ari dela Lointek Gernika Bizkaia kluba, eta, horretaz gain, emakumezkoen euskal saskibaloia gora doala. Bilbao Arenako ikusleen errekorrak oihartzuna izan du, eta kanpoan jokatzen dugunean “partida on” gisa saltzen dutela Gernika Lointeken kontrako partida. Esan nahiko nuke, emakumezkoen kirolak dinamika honetan segitzeko aldizkarien,  irratien, telebisten eta medio guztien laguntza behar dugula; emakumezkoen kirola saltzen badugu, jendeak erosiko du eta ohitura hartuko du emakumezkoen kirola ikusteko. Nik beti hedabideei esaten diet euren lana oso garrantzitsua dela guretako, eta beti eskatzen diet berdina, gu hor agertzea. 

Asteartean Erreginaren Kopako zozketa egin zen, eta hain zuzen ere zuei beste talde euskaldun baten kontra aritzea tokatu zaizue, Gasteizko Araskiren kontra, martxoaren 5ean, Salamancan. 
Entrenamenduaren ondoren batera egon ginen Erreginaren Kopako zozketa ikusten. Araski taldearen kontra aritzea tokatu zaigu eta, hortaz, Erreginaren Kopako final laurdenetan euskal derbia izango dugu. Badakigu nolakoak diren euskal derbiak: gogorra izango da, baina ligan Gasteizen jokatu genuen lehenengo partida irabazi genuen eta horrek lasaitasuna ematen digu. Baina asko geratzen da Koparako eta lehen esan dizudan bezala hurrengo partidari begira gaude. Nolanahi ere, partida interesgarria izango da, badakigu Araskikoek nolako nortasuna duten eta saiatuko gara ahalik eta partida onena egiten finalerdietara sailkatzeko. 

Urte dezente daramazu Gernikan eta oraindik sasoi betean ikusten zaitugu, gustura, jokoaz gozatzen eta kapitain lanetan taldea primeran ordezkatzen.
Denbora asko daramat Gernikan, nire bigarren etxea da baina esan beharra dut airea hartu behar dudanean nire familia eta lagunak Altsasun daudela eta hara joaten naizela askotan. Guaixekoei eskertu nahi nizueke beti alboan egoteagatik, nirekin hitz egiteko prest. Nire bigarren etxea Gernika izan arren, Altsasun nago eta sakandar moduan harro sentitzen naiz hangoa izateaz. 

Kapitaina zaren aldetik komunikabide askok zurekin hitz egin nahiko dute eta agenda goraino izango duzu...
Beno, batzuetan hori gertatzen da, baina badakigu zer nolako lana dugun. Nik taldekideei beti esaten diet, ez garela bakarrik jokalariak, gehiago izan behar dugula. Sozialki eta kulturalki zer edo zer aldatu behar badugu edo ahal badugu, behintzat saiatu behar dugula. Hedabideek lekua ematen badigute guk ere eman behar diegu, eta horretarako gaude. 

Jarraitu Lointek Gernika Bizkaiarekin historia egiten Naiara, ongi joan daitezela gauzak bai ligan eta baita EuroCupean ere.
Milesker!