Saskibaloia

EuroCupeko final zortzirenetara pasatzeko aurrera pausu handia egin du Naiara Diezen Gernikak

Guaixe 2020ko urt. 23a, 16:40

Lointek Gernika Bizkaiak 91 eta 73 irabazi zion KSC Szekszard taldeari atzo Gernikan jokatutako EuroCupeko final hamaseirenetako joaneko partidan

Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak historia egiten jarraitzen du. Ilbeltzaren 9an EuroCup Txapelketako final hamaseirenetarako sailkatzea lortu zuen Naiara Diez altsasuarra kapitain duen taldeak bere historian lehenengo aldiz, eta Europako txapelketako final hamaseirenei modu ezin hobean ekin diote bizkaitarrek. Atzo, asteazkenean, Gernikako Maloste pabilioian Hungariako KSC Szekszard taldearen kontra jokatutako final hamaseirenetako joaneko partidan 91 eta 73 irabazi zuten Mario Lopez entrenatzailearen jokalariek, Hungariako taldeari neurria bikain hartu eta gero. Horrela, hurrengo asteazkenean, ilbeltzaren 29an Hungarian jokatuko den itzulerako partidarako 18 puntuko errenta garrantzitsua lortu dute alde euskaldunek, historia egiten jarraitzeko. 

Kapitainak taldea suspertu zuen
Ohi bezala, sekulako giroa zegoen leporaino beteta zegoen Malosten, eta Marea Granateak euskal taldea airean eraman zuen. Hasieran Lointek Gernika aurreratu zen, baina parez pare ibili ziren bi taldeak eta 20 eta 18 despeditu zen lehen laurdena. Bigarren laurdenean Naiara Diez kapitain altsasuarrak taldeari airea eman zion jarraian bi hiruko sartu eta gero. Gernikarrek zehaztu zuten partidaren tempoa, eta 46 eta 32 aurreratuta despeditu zuten bigarren laurdena. Atsedenaldia eta gero, hirugarren laurdena zirraragarria izan zen eta 65 eta 48ko aldea atera zuten bizkaitarrek. Eta azken laurdenean eromena barreiatu zen Malosten Gernika Lointek ikusgarri batek KSC Szekszard taldea 91 eta 73 menderatu zuenean. Askotan KSC Szekszard taldeak guztiz gaindituta ikusi zuen bere burua. Garaipen handia izan zen Lointek Gernikarena, jokalarien, teknikarien, juntakideen eta zaleen artean lortutakoa. “Guztiak bikain aritu dira, 10ean, jokalariak, teknikariak eta Marea Granatea. Garaipen hau denena da” azaldu zuen Mario Lopez entrenatzaileak partida bukaeran. 

Itzulerako partida gogorra espero da
Pozik, oso pozik dago Naiara Diez kapitainaren Lointek Gernika Bizkaia. Final hamaseirenetako itzuliko partida asteazkenean, ilbeltzaren 29an jokatuko dute Hungarian, eta KSC Szekszard taldearen kontra 18 puntuko errenta eramatea garrantzitsua da euskaldunendako, Hungariako taldea etxean hazi egingo delako, partida gogorra aurreikusten delako eta bizkaitarrek Hungariako giro beroa ez baitute alde izanen.