Txirrindularitza

Jorge Azanzaren Euskadi-Orbea Fundazioa aurkeztu dute

Guaixe 2020ko urt. 23a, 16:36

Zuzendari altsasuarrak 20 txirrindulariko plantila izango du bere esanetara eta ahalik eta lan onena egitea da helburua, Espainiako Vueltako gonbidapena jasotzeko

Euskadi Fundazioak salto ederra eman du eta aurten UCI Pro Team taldea izango da, talde kontinental profesionala. Beraz, UCI-ren bigarren mailan lehiatuko da taldea, Euskadi-Orbea Fundazioa izenarekin. Orbea da babesle nagusia, eta DBA Bilbao Port bigarren babesle garrantzitsuena. Marea laranja bueltan da. 

Asteartean izan zen taldearen aurkezpena, San Mamesen, Juan Mari Guajardo altsasuarrak eta Xabier Usabiagak gidatutako ekitaldian. Euskadi Fundazioko Mikel Landa presidenteak azaldu zuen oso kontentu zegoela. “Aurkezpen askotan egon naiz eta aspalditik ez nuen horrenbesteko ilusioa eta pasioa ikusten. Taldeak pausu handia eman du eta taldea hazten laguntzen ari zaigunei oso eskertuta nago”. 

Jorge Azanza altsasuarrak fundazioko ibilbide berri honetan jarraituko du zuzendari lanetan. Bere aginduetara 20 txirrindulari izanen ditu: Txomin Juaristi, Ibai Azurmendi, Peio Goikoetxea, Mikel Alonso, Gotzon Martin, Diego Lopez, Jokin Aranburu, Unai Cuadrado, Antonio Jesus Soto, Dmitriy Zhigunov, Mikel Aristi, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria, Julen Irizar, Iker Ballarin, Ruben Fernandez, Joan Bou, Juanjo Lobato eta Antonio Angulo. Espainiar eta frantziar egutegian eta Portugalgoan oinarrituko dira. Dagoeneko Valentzia, Andaluzia, Catalunya eta Euskadi Itzuliko gonbidapenak badituzte, Algarve, Alentejo eta Argentinako San Juango Tourrarekin batera. Helburua, ahalik eta lan hoberena egitea da, Espainiako Vueltako gonbidapena jasotzeko. “Ilusio eta gogo asko handia du taldeak, eta lan ona egin nahi dugu, Vueltako gonbidapena jasotzeko. Jasoz gero, oso pozik egongo ginateke, eta hala ez bada, azken unera arte borrokatuko dugu” azaldu zuen Azanzak.