Saskibaloia

Iñigo Zabalo: “Momentua bizi dut: Irlandako Kopako biharko finala dut buruan”

Maider Betelu Ganboa 2020ko urt. 24a, 10:46

Iñigo Zabalo Oiarbide (1996, Altsasu) saskibaloi jokalaria da eta une gozoak bizi ditu. Altsasuko CBASK-en trebatu, Zizurko Ardoin hazi eta Basket Navarran aritu zen profesional 3 denboraldiz. Taldea utzi eta oposizioak prestatzen aritu zen urte batez, baina Irlandatik deitu zioten, saskibaloian aritzeko. Larunbatean, Corkeko Ballincollig Basketball Club bere taldearekin Irlandako Kopako finala jokatuko du, Carlow Basketball taldearen kontra, Dublinen. 

Noiz hasi zinen saskibaloian?
Altsasuko CBASK taldean, 8 edo 9 urterekin. Pilota eta irristaketa ere egiten nituen, baina azkenean saskibaloia aukeratu nuen. Base postuan jokatzen dut. Normalean jokalari baxuenak izaten gara baseak, eta joko antolatzaile lanetan ibiltzen gara, partidari erritmoa jartzen.

CBASK-en ondotik Ardoira eta Basket Navarrara egin zenuen salto.
16 urte nituela IruÒera joatea proposatu zidaten, beka batekin. Han Basket Navarrako entrenamendu batzuetan egon nintzen, baina Eva Ligan aritu nintzen, Zizurko Ardoi taldearekin. Basket Navarrara zuzenean joatea salto handiegia zen. IruÒean 5 urte eman nituen guztira, eta horietatik 3 profesional, Basket Navarrarekin. 18 urterekin, Unibertsitatean hasi nintzenean kontratua egin zidaten Basket Navarran.

Zer moduz uztartzen dira Unibertsitateko ikasketak saskibaloi profesionalarekin?
Oso zaila da. Basket Navarran egunero entrenatzen genuen, hortaz atera kontuak. NUPen ADE ikasketak egiten hasi nintzen, Enpresa Zuzendaritza. Zerbait ikasteagatik hasi nuen karrera, eta azkenean motibazio falta hori eta egunero entrenatzeak, etxera beti nekatuta joateak… ez zuen laguntzen. Azkenean UNED-en, Urrutirako Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean hasi nintzen. Hor hobeto, baina oraindik 2. kurtsoan nago, beste erritmo batean.

Eta zer moduzkoa izan zen Basket Navarra taldeko ibilbidea?
3 urtez egon nintzen profesional Basket Navarran eta lehendabiziko bi urteetan ongi, baina azken urtea oso txarra izan nuen: lesio asko nituen, eta ez nuen saskibaloiaz disfrutatu. 2017ko uda hasieran aipatu zidaten kontratua berritu egingo zidatela, baina azkenean abuztuan ezetz esan zidaten. Beste talderen bat bilatzeko denborarik ez zegoen, ekainean taldeak dagoeneko eginak baitaude.

Eta zer egin zenuen?
Suhiltzaile izatea izan dut beti buruan, eta oposizioak prestatu nituen, 8 hilabetez. Saskibaloia alde batera utzi nuen, nire orkatiletatik errekuperatzeko. Urte sabatiko bat hartu nuen, errekuperatzeko. Eta bitartean, oposizioak prestatu nituen. 2018an izan ziren oposizioak, Altsasuko festetan, irailean.

Zer moduz joan ziren?
Oso zaila da halako oposizioak ateratzea. Oso lanpostu gutxi ateratzen dituzte, eta hautagaien artean maila ikaragarria dago. Gutxienez muturra sartzea lortu nuen. Oposizioak baino bi aste lehenago, Irlandako Sligo All-Stars Basketball Clubetik deitu ninduten. Basket Navarrako taldekide ohi batek Irlandan eman zuen urte bat, eta bere bidez enteratu ziren ni libre nengoela eta hortik iritsi zitzaidan Irlandako saskibaloiko 2. mailan aritzeko proposamena. 
Irlandara joateko zalantzarik izan ote zenuen?
Nire oposizioak errespetatzea eskatu nien, eta Irlandako 2. mailako saskibaloi liga hasita zegoenean etorri nintzen. Sligo herri txiki bat da. Taldea oso gaztea zen, baina denboraldi nahiko ona egin genuen. Orduan Corkeko Ballincollig Basketball Clubetik deitu zidaten eta bertara joan nintzen.

Hortaz, aurten Ballincollig taldean zabiltza.
Bai, hau ere 2. mailako taldea da, baina klub indartsuagoa da. Irlandan saskibaloi maila ez da horren altua. Gurean oso espezializatua daude jokalarien rolak; Irlandan irekiagoa da saskibaloia, erritmo gehiago du, korrika gehiago egiten da... anarkikoagoa da. Hasieran kosta egin zitzaidan aldaketara egokitzea, baina ongi moldatu nintzen.

Zer moduzkoa da Corkeko bizimodua? Gustuko duzu?
Gure bizimoduaren nahiko antzekoa da. Lanetik aterata pubetara joaten dira, lagunekin elkartzera. Garagardoari lotutako beste kultura bat dago hemen. Gustura nago, azkenean bizpahiru egunetan entrenatzen dugu, eta hori da onena. Ingelesa ikasi eta beste gauza batzuetan aritzeko tartea badut.

Ballincollig taldea 2. mailako ligan zer moduz doa?
Oso ongi. Aurten taldearen helburua lehen mailara igotzea zen, eta bide onean goaz, momentuz jokatu ditugun partida guztiak irabazi baititugu. Irailean hasten da liga eta martxoaren 14an bukatzen da. Gauzak horrela segituz gero, baliteke hilabete batean matematikoki liga irabaztea. Andre Nation estatubatuarra oso ona da, eta badaude jokalari batzuk Irlandako selekzioan aritzen direnak. Oso ondo gabiltza, eta talde giroa ona da. Ni eta Andre Nation gara taldeko profesional bakarrak, gainontzeko guztiak zaleak dira, borondatez jokatzen dutenak. Hori ere lehen mailan gertatzen da. Bitxia da. Kanpoko jendea taldeari maila pixka bat emateko ekartzen dute, eta gainontzekoak zaleak dira.

Badirudi Irlandako Kopan ere bikain zabiltzatela.
Bai, ilbeltzaren 11n Irlandako Kopako finalerdiak irabazi genituen eta final handia Dublinen jokatuko dugu larunbat honetan, ilbeltzaren 25ean, 2. mailakoa den Carlow Basketball taldearen kontra. Printzipioz gu faboritoak gara, baina finalak partida batera jokatzen dira. Baliteke egun txarra izatea eta gauzak konplikatzea, baina espero dugu ondo jokatzea eta irabaztea.

Basket Navarran zeundenean profesional izatearen ardura handiagoa zen Irlandan baino?
Zalantzarik gabe. Basket Navarran amets hori nuen, egunero pixkat hobeagoa izatearena, baina lesio asko izan nituen eta, horretaz gain, zure entrenatzailearen konfiantza izan behar duzu, baita taldearena ere, eta kontaktu asko izan behar dituzu. Lesioak tarteko, azkeneko urtean egunero esnatzen nintzen minarekin. Eta horrek erretzen du, gehiago mentalki fisikoki baino. Gertutik ikusi dut kirolari profesionalen bizitza nolakoa den. Kanpotik politago ikusten da: lehenengo mailako jokalariek dirua irabazten dutela, arrakasta dutela, sekulako bizitza. Baina errealitatea beste gauza bat da. Azkenean egunero zure gorputza %100ean astintzea ez dago oso ondo ordaindua.

Irlandan jarraituko duzu?
Ballincolligen jarraitzeko aukera daukat, baina aitortu behar dut ez dakidala zer egingo dudan. Beste herrialderen batera joateak ere ilusionatzen nau, edo beste hizkuntza bat ikastea... Momentua bizitzen ari naiz. Biharko Kopako finala dut buruan. Esan didate Kopa bat irabazi ostean igual hiru egun ematen dituztela ospatzen. Ea horrela den eta ezagutzen dugun (kar, kar). Dena den, Irlandan gaelic kirolera jokatzen da, futbol eta errugbi arteko nahasketa edo mix arraro bat. Esango nuke kirol nagusia dela. Jende asko doa partidak ikustera eta nahiko giro ona egoten da. Saskibaloirako kultur asko ez dago, baina hemen ikusten dudana da jendeak bertako taldeak babesten dituela, talde guztiak: joaten dira saskibaloira, futbolera, errugbira... beti bertako taldea babestera. Herrizaleak dira zentzu guztietan.