Sasoiak, Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkarteak, eta Sakanako Pentsiodun, Jubilatu eta Adinekoen Koordinakundeak greba orokorrarekin bat egin dute. Bi erakundeetako bozeramaileek gogorarazi dutenez, “azken bi urteetan milaka eta milaka jubilatu izan gara, Euskal Herrian batez ere, hiri eta herri askotako kale eta plazetan gure aldarrikapenak defendatzen ibili garenak, baina ez da aski”. Pentsio duinen aldeko mugimenduko ordezkariek onartu dute “gizartearen parte-hartzea beharrezkoa” dela. Eta horrela ulertu dute gurekin harremanetan jarri diren Euskal Herriko eragile sozial eta sindikal gehienak, eta greba orokorra deitu dute ilbeltzaren 30erako”.
Deialdiaren zergatiak ere gogorarazi dituzte: “pentsio publikoen bideragarritasuna, hein handi batean, lan-politikaren menpe dagoela”. Horren adierazle lirateke lan munduan dauden prekarietatea, soldata txikiak, kotizazioak eta beste. Heldu den asteko greba orokorrean Europako Gutun Sozialak exijitzen dituen helburuak aldarrikatuko direla nabarmendu dute pentsiodunen mugimendutik: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 2010eko eta 2012ko lan erreformak ezabatzea, 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak indargabetzea, Kontsumo Prezioen Indizearen igoera erreala eta genero arteko soldaten eta pentsioen arrakalarekin bukatzea.
Sasoiak eta Sakanako Koordinakundeko kideek gaineratu dutenez, “batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka, gure helburuak lortzeko berme bakarra”.