Futbola

Altsasuren garaipen garrantzitsua Leitzan

Guaixe 2020ko urt. 27a, 14:07

Gizonezkoen erregionala. 16. jardunaldia: Aurrera 2 – Altsasu 4

Gizonezkoen erregional mailan, azkenaldiko porrotak alde batera utzi eta garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Altsasuk Leitzako Aurrerari 2 eta 4 irabazi eta gero. Larunbat goizean Leitzan jokatutako partidan etxeko taldea izan zen markagailuan aurreratu zena, baina leitzarren 2 despiste bikain aprobetxatu zituzten altsasuarrek eta Raulek eta Imanol Lobok sartutako golei esker 1 eta 2 irabazten zihoazela joan ziren aldageletara altsasuarrak. 

Bigarren zatian egoerari buelta ematen saiatu ziren leitzarrak baina Altsasuk ongi eutsi zuen, leitzarrek akatsak pilatzen jarraitu zuten, eta Javier Guisadok Altsasuren hirugarrena sartu zuen. Aurrerak bigarrena sartu zuen eta markagailuan gerturatu zen, baina Patxik Altsasuren laugarren gola egin zuen eta erabakita utzi zuen partida. Azkeneko porroten ondoren, garaipenak animo handia eman dio Altsasuri. 

Gizonezkoen erregional mailako liderra Universidad de Navarra da (37 puntu). Altsasu 11. postuan dago (13 puntu). Hurrengo jardunaldian sailkapenean bigarrena den Berriozarren kontra ariko dira altsasuarrak Berriozarren.