Futbola

Altsasuk Izarra hartu zuen mendean

Guaixe 2020ko urt. 28a, 12:16

Emakumeen erregionala. 18. jardunaldia: Altsasu 3 – Izarra 2

Asteburuan Emakumeen erregional mailako 18. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Dantzalekun jokatu zuen, etxean, eta Izarra taldea hartu zuen. Izarra izan zen aurreratzen lehena, 28. minutuan Iratxe Bitoriak sartutako golari esker. Handik 7 minutura bigarren gola sartu zuen Izarrak, Lina Lumbrerasen jaurtiketa altsasuarren atean sartu eta gero. Horrela, atsedenaldira 0 eta 2 galtzen joan ziren Altsasuko neskak, baina bigarren zatian partidari buelta ematea lortu zuten. Amets Oteizak 4 minutuko tartean bi gol sartu zituen eta bina berdindu zuen Altsasuk. Garaipena lortzea, hori zen altsasuarren nahia, eta baita lortu ere, Amets Oteiza berak hirugarrena sartu baitzuen, hat trick ederra lortuaz. Horrela, garaipen garrantzitsua erdietsi zuten Altsasuko neskek. 

Castejon da emakumeen erregional mailako liderra (47 puntu). Altsasu 7. postuan dago (30 puntu). Larunbatean Elizondoko Giltxaurdi zelaian jokatuko dute Altsasuko neskek, Baztan taldearen kontra, 16:00etan hasiko den partidan.