Saskibaloia

Iñigo Zabaloren Ballincolligek Irlandako Kopa irabazi zuen

Guaixe 2020ko urt. 31a, 11:24

Corkeko Tradehouse Central Ballincollig taldeak 73 eta 67 hartu zuen mendean IT Carlow taldea larunbatean Dublinen jokatutako Irlandako Kopako finalean

Berri pozgarriak datoz Irlandatik. Iñigo Zabalo Oiarbide altsasuarra Corkeko Tradehouse Central Ballincollig saskibaloi taldeko jokalari basea da, eta bere taldeak Irlandako Kopako finala jokatu zuen larunbatean Dublinen, IT Carlow taldearen kontra. Ballincollig taldea zen faboritoa baina Iñigok adierazi zigun bezala, finala partida batera jokatzen zen eta edozer gerta ahal zen bertan. Finala oso estua izan zen, zirraragarria. “Egia esan, partida nahiko txarra egin genuen, lehen tartean bereziki. Momentu batean 24 eta 8 galtzen joan ginen. Ez dakit urduritasuna zen edo zer gertatu zitzaigun, baina hiruko marratik egindako 20 jaurtiketetatik soilik 1 saskiratu genuen. Bataz besteko oso txarra da hori. Eta ligan daramagun bolada bikaina kontuan hartuta, markagailuan diferentzia hori ikustea oso zaila egiten zitzaigun” azaldu digu Zabalok. 

Baina, zorionez markagailuari buelta ematea lortu zuen Ballincolligek. Zabalok eta Andre Nation estatubatuarrak gidatutako erremontadan, partidari buelta eman eta, azkenean Ballincollig taldeak lortu zuen kopa, IT Carlow taldeari 73 eta 67 irabazi eta gero. Taldeko saskiratzaile nagusiak Zabalo (15 puntu) eta Nation (27 puntu) izan ziren. Hortaz, kopa irabazteagatik oso pozik daude Zabalo eta taldekideak. 

Lortutako kopa ospatzen gustura ibili dira egunotan. “Corkeko hainbat pubetan egon ginen ospatzen. Hemen ohitura da lortutako kopa Guinnes garagardoaz betetzea eta guztion artean edatea. Egia esan, gustura ibili gara” gaineratu du Zabalok. Eta, jakina, saskibaloi mundua aztoratu duen Kobe Bryant Lakerseko saskibaloi jokalari ohiaren eta berarekin helikopteroan zihoazenen heriotzak Ballincolligeko jokalariak ere ukitu zituen. “Estatubatuarren idoloa zen Bryant, eta badakizu nolakoak diren amerikarrak horretarako. Halako istripuak, tamalez, gertatzen dira” aipatu du altsasuarrak. 

Orain liga
Tradehouse Central Ballincollig Irlandako 2. mailako taldea da, baina aurten 1. mailara igotzea da erronka. Bide onean doaz, orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituztelako. Zabalok adierazi digunez, gauzak horrela segituz gero, baliteke hilabete batean matematikoki liga irabaztea. Beraz, larunbatean Irlandako Kopa irabazita eta 1. mailako igoera gertu izanda, ospatzeko asko badute oraindik Zabalok eta bere taldeak.