Saskibaloia

CBASK-Jatormanen esperotako garaipena

Guaixe 2020ko urt. 29a, 10:37

Autonomien Arteko 2. mailan CBASK-Jatorman bikain aritu zen Errioxako Sanignacioren kontra eta 71 eta 60 gailendu ziren altsasuarrak

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailan, 14. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatormanek Errioxako CB Sanignacio taldea hartu zuen Zelandin, eta partida bikainean, azkenean merezitako eta esperotako garaipena lortu zuten altsasuarrek, 71 eta 60. Sailkapenean, Club Baloncesto Cenicero da liderra (25 puntu) eta CBASK-Jatorman 10. postuan dago (18 puntu). Asteburuan 15. jardunaldia du jokoan CBASK-Jatorman taldeak eta Iruñean jokatuko du, 17 punturekin sailkapenean 12.a den eta arerio zuzena den Larraona A taldearen kontra, larunbatean, 20:00etan, Larraonan. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa: CBASK-IFUELek galdu
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 14. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL esku hutsik itzuli zen Tafallatik, Escaleras Aguerrik 68 eta 41 irabazi baitzion. Sailkapenean Cendea de Galar da lider berria (27 puntu) eta CBASK-IFUEL taldeak 6. postuari eusten dio (17 puntu). 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailan CBASK lider
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan 10. jardunaldia jokatu zen, hasierako faseko azkena. Altsasuko CBASK taldeko neskek bere maila ikusgarriari heldu zioten beste behin. Eta 46 eta 24 irabazi zioten Navarro Villoslada B taldeari. Horrela, jokatutako 10 jardunaldiak irabazita, CBASK izan da hasierako faseko lider argia (20 puntu). 

Orain, A Sailkapen-Gurutzaketa faseari ekingo dio Altsasuk. Asteburuan lehen jardunaldia dago jokoan eta Mendillorri 05 izango du aurkari, larunbatean, 10:40ean, Sarrigurenen.