Santa Ageda koruak 2020

"Korua kalera berriz ateratzeko haztegia zegoen"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urt. 31a, 11:45
Lagun Onak elkarteko Santa Ageda korua entsegu batean.

Altsasuko Lagun Onak elkartean Santa Ageda korua sortu dute. Juanjo Ganuza eta Miguel Angel Leal izan dira koruaren bultzatzaileak eta Idoia Ganuza zuzendaria da

Altsasuko Lagun Onak elkartearen Santa Ageda korua bigarren urtez otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, kalera aterako da.

1. Iaz lehenengo aldiz urte askoren ondoren Santa Ageda bezperan atera zineten. Zergatik?
Juanjo. Bazkideren bat horrekin tematu zen, Mikel Visier, esaterako, eta haztegia zegoen. Gogoak zeuden. Bati esan, besteari... eta jendea animatu egin zen. Erraza izan zen taldea egitea. Lehenengoan kuadrilla xume bat elkartu ginen, ez oso handia, eta aurten handitu egin da. Nik uste honek aurrera egingo duela, jarraituko duela. 
Miguel. Iaz akordeoi batekin hasi ginen eta aurten hiru ditugu. Pixkanaka gure maila handitzen ari da. 

2. Lagun Onak tradizioa handia zuen koruak sortzeko, ez?
M. Garai batean Lagun Onak-ek Santa Agedako koruak berreskuratu zituen. Aspaldi galdu ziren edo aurretik ez ziren egiten. Lagun Onak musikarien elkarte bat zenez, hau da, musikari asko zeudenez edo bereziki musikariek osatzen zutenez, berrekuratzeko ideia izan zuten. Fraile bat etorri zen eta hil zenean berriz galdu zen. Lagun Onak bezala gauza askotan parte hartu zuen. Orduan, uste dugu elkarteek herriko gauzak berreskuratu eta egin beharko lituzketela. 
J. Berez, elkarte gastronomikoa eta kulturala da, eta herriko gauzak egin behar ditu. Olentzeroa ere elkartetik bultzatu zuten. 

3. Esaterako, beste tradizioen artean Olentzero elkarteak antolatu zuen, ez?
J. Bai, hemendik sortu zen. Orain ez beste batzuek hartu dute ardura. Baina hemengo kide batzuk izan ziren bultzatzaileak. Haien artean San Roman. 
M. Elkarte gastronomikoa bezala ezagutzen da, baina aisialdi eta kultura elkarte bat garela jartzen du. Gastronomikoa ez da inon agertzen. 

4. Duela zenbat urte galdu ziren koruak?
J. Asko. Ez dakit. Hamabost urte baino gehiago? Berreskuratu dugu eta nik uste bide handiko kontua izango dela. Hemen giro polita dago eta ez gara elkarteko kideak bakarrik, beste elkartetatik ere etorri dira. 

5. Zein da Santa Ageda koruen tradizioa?
J. Santa Agedako koruen tradizioa neguko solstizioarekin lotuta dago. Lurrari esnarazteko makilarekin kolpeak ematen diogu. Kristautasunarekin berreskuratu zen santaren inguruko kondaira hori. 

6. Idoia, nola iritsi zinen koruaren zuzendari izatera?
Idoia. Solfeo ikasi nuen eta iaz gai honekin hasi zirenean, Juanjok esan zidan ea animatuko nintzen zuzendaria izatera. Baietz esan nuen, alde batetik, gauza berriak egitea gustatzen zaidalako, eta, bestetik, zintzoki, uste nuelako taldea ez zela aterako. Baina atera zen. Hemen nago taldea zuzentzen. Oso gustura ari gara. 
J. Korua zuzentzen jende asko egon da. 

7. Akordeoi batekin atera zineten iaz eta aurten hiru dituzue. Instrumenturen bat gehiago?
I. Panderoak ditugu aurten ere, eta makilak, noski. 
J. Momentuz ez. Hiru akordeoilariekin nahiko. Akordeoilari asko daude herrian eta animatuko beharko litzateke gurekin jolastera. 
M. Etorkizunean ikusiko dugu. 

8. Zein abesti kantatuko dituzue?
J. Betikoak egiten ditugu. Haietako bi, Santa Yageda, Altsasukoak dira; Enrike Zelaiak berreskuratu zituen. Alde horretatik errepertorio bera da, antzinatik datorrena. 

9. Zer moduz doaz entseguak?
J. Astero ordu bat inguru aritzen gara. Bi hilabete inguru daramagu. Ez gara oso abeslari onak, baina... 
M. Urte honetan primeran ari gara. Aurreko urtean abestiak ezagutu gabe hasi ginen abesten, eta aurten behintzat abestiak ezagutzen genituen. Gu ez gara profesionalak, baina garrantzitsuena ongi pasatzea da. Hori da gure helburua . 

 

10. Koru irekia da?
J. Bai. Ahoz aho zabaldu da eta jendea beste elkartetatik etorri da. Pozik gaude. Gainera, badakigu Kukuerreka elkartetik ere ateratzen direla eta gure nahia da egunean zerbait batera abestea. Beste elkarteak ateratzera animatu nahi ditugu, gurekin edo bere aldez. 

11. Zein da Santa Ageda bezperaren egitaraua? 
J. 19:00etan elkartetik aterako gara eta herrian buelta bat emango dugu. Kukuerrekako jendearekin elkartu, batera abestu eta gero bakoitza bere kabuz. 
M. Ibilbidea azkenengo momentua erabakiko dugu. Nekazariz jantziko gara eta elkarteko bazkideak gure blusarekin. 
I. Gurekin furgoneta bat eramaten dugu hornidurarekin: edatekoa, pintxoak...