Ospa! ikertzeari uzteko eskatu dute

Guaixe 2020ko ots. 4a, 12:24
Ospa!-k agerraldi jendetsua egin zuen.

Nafarroako Lurralde Auzitegia 2019ko Ospa Egunean “gorroto deliturik” dagoen ikertzen ari da.

Hala eskatu bazioten ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen joan den urteko Ospa Eguna debekatu, baina hura zaintzeko eskatu zuen. Dignidad y Justicia erakundeak “terrorismoa goratu” eta biktimak “umillatu” izana egotziz salaketa aurkeztu zuen, baina aipatu auzitegiak ez zuen onartu. Hori bai, Nafarroako Lurralde Auzitegiari eskatu zion “gorroto delitua” ote zegoen ikertzeko. Ospa! herri mugimenduak gaztigatu duenez, “azken eraso hori ez da gure kontrakoa soilik, guztion eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoa baizik”. 

Ospa Eguna zazpitan antolatu dute Altsasun. 2012an antolatu zuten estreinakoz eta 2017ko etenaren ondoren, segida izan du. Joan den urtekoan “Altsasuko historia memoria herriko kaleetara kaleetara” atera zuten, “gure aurreko belaunaldiek sufritutako errepresioa belaunaldi berriei ezagutarazteko”. 14 geldialdi izan zituen kalejira batean, beste horrenbeste gertaeren berri eman zituen Ospa!-k. “Horregatik salatu eta ikertzen ari gaituzte”. 

Mugimenduak Altsasun babesa duela adierazteko prentsaurrekoa eman zuen larunbatean. Jakinarazi zutenez, Ospa!-ren jarduerarekin ados egon edo ez, mugimenduak erabateko zilegitasuna duela diote Altsasuko 26 kolektibok. Horiek mugimenduaren kontrako jazarpena arbuiatu eta bere kideei babesa azaldu zieten. Horrekin batera, auzitegian zabalik dagoen ikerketa “bertan behera” uztea eskatu zuten. 

Sinatzaileak
Egubera kirol elkartea, Altsasu Memoria, aurtengo kintoak, Ikasle Abertzaleak, Altsasuko Gazte Asanblada, Presoen aldeko taldeak, Askapena, Altsasukoak Aske herri plataforma, AEK-ko irakasleak, Pentsiodunen koordinakundea, Altsasuko LAB, Txuixoo yoseikan budo elkartea, Altsasuko mugimendu feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Altsasuko herri bazkaria, Isunen kontrako taldea, Guaixeko langileak, Garraxi irratia, Altsasuko peñak, Altsasuko gaitariak, Altsasuko kuadrillen elektrotxaranga, Sakana Trenaren Alde AHTrik ez!, Kantuz abesbatza, Pilotajauku pilota taldeko junta eta Aurrio trepalari taldea.

Urteko asmoak 
Errepresioaren kontrako astearen baitan egindako batzarrean Ospa!-k aurtengo bere plangintza onartu zuen. Horien artean daude, besteak beste, kontrolen zenbaketarekin segitzea, torturaren kontrako eguneko lanketa, lastailaren 12aren bueltan eginen dutena, indar armatuen eguna, isunen inguruko lanketa, historia memoria lantzen segitzea edota emakumea eta errepresioa gaia lantzea. Ospa eguna ere antolatuko dute. Joan den urtean historia memorian zentratutako eguna izan bazen, “jatorrira bueltatu” eta “komedia edo parodia” kutsua izanen duela aurreratu dute. Dataren berri aurrerapenez emanen dutela eta “nahikoa egun potentea” izanen dela esan dute.