Burunda frontoia kintoen dantza entseguen lekuko izan da da ilbeltzaren 7tik. Txetxo Claver, Aitziber Etxaiz Soria eta Maixabel Lopez de Uralde Muñoz irakasle dituztela zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzen ikasi dute. Eta euren trebezia plazan erakusten hasiko dira bihar, Santa Ageda egunean. Hala ere, Aintzane Bengoetxea Garisoain, Izaro Agirre Poveda, Julen Barreiro Nieto eta Eneko Galartza Pozueta buruzagi dituen kintada atzo, Santa Ageda bezperan, mezara joanen da. Handik atera eta gero, txistularien laguntzaz herrian barnako aurreneko kalejira eginen dute.
Bihar, otsailaren 5, goizean goiz, eskatzen hasiko dira. Azoka eguna denez, eta jende ugari etortzen denez, diru-bilketa handia izanen dela pentsatzekoa da. Egiteko horretan laguntza izanen dute: Peru Urteaga Leiñena eta Itziar Anton Garzia izanen dira zahatoa eramateaz arduratuko diren haurrak. Goiz-eguerdian zehar eskatzen ibili ondoren, bazkaldu ondoren, 19:00ak aldera agertuko dira kintoak eta banan-banan zortzikoak dantzatzen hasiko dira.
Aurtengo kintoek asteazkenean zortzitan dantzatuko dute zortzikoa. Santa Ageda egunez urte borobilak betetzen dituzten kintadak ere elkartuko dira eta haietako bik ere dantzatuko dute. Hurrengo egunetan plazan dozena bat zortziko dantzatuko dituzte kintoek. Azken egunean, domekan, bederatzi izanen dira.
Goiz guztia eskatzen ibili eta gero, asteazkenean Mareon bazkalduko dute. Bihar Irubide jatetxean bazkalduko dute kintoek. Etzi, berriz, gaztetxean. Etzidamu herriko kintada guztiek bazkaria izanen dute eta azken urteetako ohiturari segituz, kintoek catering enpresa bat kontratatu eta Gure Etxea eraikinean bazkalduko dute. Atzeneko egunean, domekan, azkenik, Arkangoan bazkalduko dute.
Garai batean kinto ospakizunak irauten zuten bitartean jende gehiago ateratzen zen eta taberna guztiak zabalik egoten ziren. Orain bakarra da ordu txikiak arte kintoak, beti-kintoak eta parranderoak hartzen dituena. Bihar, lehenengo egunean, Koxka izanen da, etzi Lezea, ostiralean Arkangoa, larunbatean denak eta, kinto ospakizunak Idergin despedituko dituzte domekan.
Kintoek herritarrak eskuzabalak izatea nahi dute. Eurak gogoz entseatzen ari dira astegun guztietan makina bat altsasurraren begiradapean. Plazako zortzikoez aparte, kintoek larunbaterako elektrotxaranga bat ekartzeko asmoa dute, Gure Etxean joko lukeena.
Jantziak
Urte asko daramaten Cristobal Lanzek eta Cruz Mari Martinezek zortzikoak jotzen Santa Ageda ospakizunetan. Kintoen janzkeraren inguruan argibide eske jo dugu haiengana. Emakumezkoak Santa Ageda ospakizuneko parte-hartzaile direnetik baserritar jantzi ederrak janzten dituzte. Gizonezkoen janzkerarekin bat elementu bakarrean bat egiten dute: lepora lotuta duten zapian. Neskek, normalean, soilik txuri kolorekoa dute, txuria eta berdea mutilek. Baina bestelako nesken artean beste koloretakoak ere ikusi izan dira. Batzuek eta besteak zapietan nahi dituzten irudiak jartzen dituzte, margotuak edo brodatuak. Mutilen kasuan hori zapi berdean izaten da, txurian abizenen armarriak jartzea baita ohitura. Santa Ageda eta berde kolorea lotzen dituen gaztelaniazko kantu eske bat ere gogorarazi digute: Santa Ageda es una niña que de lo verde se enamora, una limosnita señora.
Gizonezkoak praka eta atorra txuriak janzten dituzte. Aspaldiko argazkietan hala agertzen dira. Eta irudi horietan paxa zuten kinto batzuk ere agertzen dira. Gaur egun halakorik ez da. Atorraren gainean, bular aldean gurutzatzen diren lau zapi jartzen zituzten. Garai batean amak edo arrebek buruan jartzeko erabiltzen zituzten koloretako zapiak erabiltzen zituzten. Egun bi besterik ez dituzte bularraldean. Hain zuzen ere, zortzikoaren buru denak zapi horietako bat kendu eta bikoteari mutur bat ematen dio, harekin zubia egin eta soka-dantzan ari diren kintoak azpitik pasa daitezen.
Eskutan makila eramaten dute kintoek. Hasiera batean, koloretako zintez edertutako makila arruntak ziren. Gauzak gehitzen joan ziren eta oroitzapen gisa gordetzeko zintak eta bestelakoak jartzen hasi ziren. Zinta horiek aspaldian margotuak ziren. Gaur egun brodatuak edo margotuak daude. Batzuek diote etxeko ateetan jotzeko erabiltzen zela aspaldian, baina halakorik ez dela esan digute. Txanponak eskutan jaso beharrean azpiltxo bat daramate kintoek. Ez du zergatik zilarrezkoa izan beharrik, alpaka edo bestelako material batekoa izan daiteke.